Gizartea -
Adimen artifiziala
Microsoft-ek Bilboko Ingenieritza Eskolako proiektu bat aukeratu du
Lander Galera ikasleak egin eta Jesus Maria Blanco irakasleak aurkeztu duen lana plataforma eoliko flotagarriei buruzkoa da, eta Bill Gatesen konpainiaren arreta erakarri du.
Agentziak | Erredakzioa
Microsoft erraldoi teknologikoak 15.000 dolarreko beka eman berri dio offshore aire-sorgailuen errendimendua hobetzeko Bilboko Ingenieritza Eskolako ikasle batek aurkeztu duen proiektuari.
Laguntza Bill Gatesen enpresak ingurumena kontserbatzeko berrikuntza onenak bilatzeko duen AI for Earth (Adimen Artifiziala Lurrarentzat) ekimenaren bitartez eman dute.
Oraingo honetan, Lander Galera ikaslearen doktorego-tesiak euren oinarri diren eta itsasoaren baldintzak jasaten dituzten plataformen gorabeheren ondorioz itsasoko aire-sorgailu flotagarriek izan ditzaketen potentzia galerak neurtzeko modua aztertu du. Horiek turbinaren errendimenduan izan dezakete eragina eta, ondorioz, elektrizitatea sortzeko kostuan. Maria (Monitoring floAting platfoRms in offshore wind through artificIAl intelligence) akronimoaren izena hartu duen proiektua Jesus Mari Blanco Ilzarbe Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak eta Gregorio Iglesias Irlandako University College Corkeko irakasleak zuzendu dute.
Izan ere, Blanco irakaslea izan zen proiektuaren hautagaitza Microsoft-en aurrean aurkeztu zuena, enpresa multinazionalak antolatu zuen workshop-a gainditu eta gero. Blanco irakasleak aurkeztu zuen proiektua Microsoften aurrean, enpresa multinazionalak Bilbon mugikortasun jasangarriarekin, itsas biologiarekin, zibersegurtasunarekin eta energia berriztagarriekin, besteak beste, lotutako ekimenak aztertzeko Bilbon antolatutako tailerrean.
Proiektuak jaso duen 15.000 dolarreko kredituari esker, Lander Galerak Microsoftek lainoan duen konputazio zerbitzu sofistikatua (Azure) erabili ahalko du, eta horrek asko murriztuko du offshore plataforma batean sistemari eragiten dioten aldagai guztiak (olatuen norabidea, periodoa eta altuera, eta haizearen benetako abiadura, horren aldagai eta aldakortasuna kontuan izanda) neurtzen egin behar zuten milakoa orduko simulazioaren iraupena.
Izan ere, Azureren ahalmen izugarriari esker, “plataforma horren sare neuronal artifiziala baliatu ahalko du datu kopuru izugarri batekin lan egiteko eta gure fluidoen dinamika konputazionalaren eredua baliatuko duen sare konputazionala optimizatzeko”.
Microsoftek emaitza onak ikusten baditu, laguntzak jarraipena izango du. Horrela, proiektua bigarren fasean sartu ahalko litzateke, garapen aplikatura zuzendutako finantzaketa lerro berri batekin. Bill Gatesen konpainiak energia berriztagarriekin, bioaniztasunarekin, ur-baliabideen kudeaketarekin, nekazaritzarekin edo klima-aldaketarekin erlazionatutako proiektuak bilatzen ditu mundu osoan AI for Earth ekimenaren bitartez, horiek bultzatzeko, sustatzaileei Microsoftek garatu dituen adimen artifizialeko soluzio guztiak eta lainoko konputazioa eskainiz.