Gizartea -
Koronabirusa
Hildakorik ez Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, hirugarren astez jarraian
Azken 15 egunetan ez da positibo gehiagorik izan. 382 adinekok gainditu dute gaitza, eta 167 hil egin dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ez da, hirugarren astez jarraian, COVID-19agatik hildakorik izan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak zehaztu duenez, azken 15 egunetan ez da positibo gehiagorik izan. 65 zentrok eta 5.425 plazak osatzen dute Gipuzkoako adineko egoitza-sarea.
Asteburu bitartean ez da berririk izan, hortaz, 382 adinekok gainditu dute gaitza, 167 hil egin dira, eta 13 positibo daude oraindik. Horietatik bakarra dago erietxean ospitaleratuta.
COVID-19ko kasuak izan dituzten 16 egoitzetatik 14k jada ez dute koronabirus gaixorik: Iurreamendi (Tolosa), Egogain (Eibar), Caser Residencial Anaka (Irun), Santa Ana (Zarautz), Caser Residencial Betharram (Hondarribia), Otezuri (Zumaia), Aita Etxe (Donostia), Arangoiti (Beasain), La Paz (Donostia), San Jose (Ordizia), Argixao (Zumarraga), Jose Arana (Eskoriatza), San Andres (Eibar) eta Iturbide (Arrasate).