Gizartea -
Kartzela politika
Hainbat elkartek urrats gehiago eskatu dituzte espetxeetako deseskalatzean
25 erakunde sozialek baino gehiagok idatzi bat aurkeztu dute Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusian "espetxean deseskalatzeko neurriak zabaltzeko” eskatze aldera.
eitb.eus
Giza eskubideen alde diharduten 25 erakunde sozialek baino gehiagok idatzi bat aurkeztu dute Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusian, "Espetxean deseskalatzeko neurriak zabaltzeko" eskatze aldera. Erakunde horien arabera, "kanpoan bezala, espetxe barruan ere beharrezkoa da fasez igarotzea; horretarako, beharrezkoa da deskonfinamendu plana zabaltzea eta sakontzea".
Ildo horretan, gogora ekarri dute maiatzaren 13an nazioarteko hainbat erakundek, hala nola Munduko Osasun Erakundeak, Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoak, GIB/HIESari buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuak eta Drogen eta Delituen aurkako Nazio Batuen Bulegoak, adierazpen bateratu bat argitaratu zutela, eta berehala deitu zutela gobernuen arreta, “askatasunik gabeko pertsonek COVID-19arekiko duten zaurgarritasun handiagoaren inguruan".
Erakundeek aitortzen dutenez, "egia da Barne Ministerioak agindu bat argitaratu zuela alarma-egoera deklaratu zenetik espetxe barruan hartutako murrizketak malgutzeko"; hala ere, ohartarazi dutenez, "beharrezkoa da oraindik ere birusa espetxeetan zabaltzeko arriskua murriztea, bai eta presoen eta haien senide eta hurbilekoen oinarrizko eskubideak gehiago errespetatzen dituzten neurriak hartzea ere".
Espetxeetako presoen kopurua murrizteari dagokionez, adierazi dute beharrezkoa dela espetxetik ateratzeko neurriak ezartzea, "hirugarren graduei progresioak emanez eta baldintzapeko askatasunak sustatuz, egoera bereziki ahulean dauden pertsonentzat".
Beste probintzia batzuetara joatea eragozten duen alarma-egoerak ezarritako mugikortasun-murrizketak direla eta, preso dauden pertsona asko ezin dira haien senide eta hurbilekoekin harremanetan jarri, zigorra jatorrizko edo sustraitutako lekuaz bestelako espetxe batean betetzen ari direlako. Horregatik eskatzen dute, Eusko Jaurlaritzak egin zuen bezala, "preso dauden pertsona guztiak beren errotze-lekuko osasun-eskualde edo probintzia berean dagoen espetxe batera eramatea".
Eskaerarekin bat egin duten elkarteak:
1. Altsasu Gurasoak
2. Asociación Libre de Abogadas y Abogados
3. Asociación Libre de Abogadas y Abogados de Zaragoza
4. Asociación Pro Derechos Humanos de Andalucía (APDHA),
5. Sare-Laguntza GIB/HIES elkartea
6. Associació Catalana per a la Defensa dels Drets Humans
7. Ateneu Llibertari de Gràcia
8. Centre Irídia
9. Colectivo de Apoyo a Mujeres Presas en Aragón (C.A.M.P.A)
10. Col·lectiu akelharre
11. Col·lectiu Ananke
12. Col·lectiu Rossinyol
13. Comision Legal Sol
14. Comissió de Defensa de Il·Iustre Col·legi de l´Advocacia de Barcelona (ICAB)
15. Esculca
16. Etxerat
17. Familias de Presos en Catalunya
18. Grupo Derechos Civiles 15-M Zaragoza
19. Institut de Drets Humans de Catalunya
20. Observatorio del Sistema Penal y los Derechos Humanos de la Universidad de Barcelona
21. Oteando
22. Nafarroako Espetxe Pastorala
23. Red Jurídica
24. Salhaketa Araba
25. Salhaketa Bizkaia
26. Salhaketa Nafarroa
27. Sare Herritarra