Gizartea -

KORONABIRUSA

MOEk gero eta zailagoa ikusten du koronabirusaren bigarren olatu garrantzitsu bat

Erakundeak adierazi duenez, oso fase kritikoan sartuko gara datozen asteetan, jarduera berreskuratzearekin batera birusak nola jokatzen duen aztertu beharko baita.

Immunitate-zifrak oso baxuak dira, OMEren arabera. Artxiboko argazkia: EFE
Laboratirio baten laginak dituen kutxa bat
Immunitate-zifrak oso baxuak dira, OMEren arabera. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Neira Munduko Osasun Erakundeko Osasun Publikoko zuzendariak astelehen honetan esan duenez, lan egiten ari diren ereduen arabera, "gero eta gehiago" baztertzen dute koronabirusaren bigarren olatu garrantzitsu bat.

Hala ere, Neirak "zuhurtzia handia" eta "sen ona" eskatu du pandemiaren deseskalatzearen fase "oso kritiko" honetan. Rac-1 kateari egindako adierazpenetan, herritarrek "ez paranoiarik, ez gehiegizko erlaxaziorik" ez izatea eta "gaixotasun infekziosoekin bizitzen ikastea" eskatu du.

"Askotariko aurreikuspenak eskaintzen dituzten ereduak daude, berragerraldi puntual bat aurreikusten dutenetatik hasi eta olatu garrantzitsu bat egon daitekeela aurreikusten dutenera arte. Halere, azken aukera hori gero eta gehiago baztertzen da. Askoz hobeto prestatuta gaude arlo guztietan", adierazi du doktore espainiarrak.

Neiraren arabera, "transmisio-tasa hainbeste jaitsi dugu, non birusak bizirauteko zailtasunak izango dituen. Zuhur jokatu behar dugu olatuaren amaierara iritsi garela baieztatzeko orduan, baina datuek, gutxienez, lehen asteetako transmisioa eta leherketa saihestu direla adierazten dute".

Hala ere, Neirak azaldu duenez, "ez du merezi aurreikuspen askorik egitea, datorren asteak oso fase kritikoa direlako".

"Irekitzearekin batera, birusak nola jokatzen duen ikusi behar da. Espero dugu beste agerraldirik ez izatea, baina eguneroko borroka izango da. Bizpahiru aste barru ikusiko dugu zer gertatu den eta beharrezkoa den modu kirurgikoan zuzentzea", adierazi du Espainia osoa 1 faseko deseskalatzean sartu izanaren harira.

Neirak aitortu duenez, MOEk "oraindik zalantzak ditu birusak klimatologiarekin duen harremanari buruz", baina "bizirik iraun nahi duen birus baten ibilbide geografikoa" egiten ari dela ikusten ari dira.

"Immunitate zifrak oso baxuak dira. Oso adi egon behar dugu deseskaladan", esan du espezialistak. Amaitzeko, honakoa gehitu du: "Brasil kasu gehien dituen bigarren herrialdea da".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundearen albisteak