Gizartea -
Koronabuloak
Oso zaila da gel desinfektatzaile batek auto barruan eztanda egitea
Adituek gela berotan ez uztea aholkatzen dute, baina eztanda egiteko sua edo txinpartaren bat beharko litzatekeela diote.
eitb.eus
Adituen ustez oso zaila da gel hidroalkoholdun batek, koronabirusaren pandemian eskuak garbitzeko erabiltzen dugunak, eztanda egitea autoaren barruan eta eguzkitan uzteagatik. Potea berotan ez uztea aholkatzen dute, baina eztanda egiteko sua edo txinpartaren bat beharko litzatekeela diote.
Ondoko testu hau eta albisteari jarritako argazkia daraman mezu bat zabaltzen ari da sare sozialen bidez hainbat herrialdetan, gel desinfektatzailea autoaren barruan uzteak ustez izan dezakeen eraginaz ohartarazteko.
Argazki horren inguruko hainbat mezu jaso ditugu koronabirusaren pandemian zehar agertzen diren albiste faltsuak ezeztatzeko EiTBk abiarazi duen Koronabuloak ekimenaren 600 900 454 zenbakian, eta Maldito Bulo-ren laguntzarekin egiaztatu dugu argazki faltsua dela.
Oso zaila da eztanda egitea
Koronabirusaren krisian eskuak garbitzeko erabiltzen den hidrogel poteak alkohol sukoia badaramate ere, adituek uste dute oso zaila dela eguzkitan uzteagatik eztanda egitea, nahiz eta bero iturri baten ondoan ez uztea aholkatzen dute.
Argazkiarekin batera zabaldu den beste mezuetako batean testuak dio alkoholak indar handiarekin erreakzionatzen duela "30 gradutik gora", eta eguzkitan utzitako auto baten barruan "60 ºC-ra" iristen dela. Brasilgo Maringako Estatu Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, egia da eguzkitan utzitako auto baten barruan 65 ºC-ra iristen dela tenperatura batez beste. Hala ere, Adriano Andricopulo Sao Pauloko Unibertsitateko medikuntza kimikako irakasleak azaldu duenez, alkohol etilikoak (etanol) auto-suhartzeko 360 ºC-tik gora behar du, eta "ez da posible tenperatura horretara iristea autoaren barruan".
Osasunaren Mundu Erakundeak gel desinfektatzaileak egiteko zabaldutako gidan agertzen denez, produktu horiek sutik eta berotik aparte eduki behar dira. Baina, itxita dagoen auto baten barruan egon daitekeen tenperatura oso altua denez hor uztea gomendagarria ez den arren, adituak bat datoz esaten dutenean oso zaila dela poteak su hartzea kanpotik txinpartaren bat edo sua iristen ez bazaio.
Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean koronabirusari buruz agertzen diren albiste faltsuei aurre egiteko.