Gizartea -

Koronabirusa

Maskarak derrigorrez erabiltzeko agindua asteazken honetan sar daiteke indarrean

Osasun Ministerioak astelehenean iragarri zuen maskarak kalean nahiz eremu itxietan erabiltzea derrigorrezkoa izango dela, bi metroko segurtasun tartea mantendu ezin denean.

Bi emakume maskarak jantzita, Donostiako merkatuan. Artxiboko argazkia: EFE
Bi emakume maskarak jantzita, Donostiako merkatuan.
Bi emakume maskarak jantzita, Donostiako merkatuan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maskarak kalean eta eremu itxietan erabiltzea derrigorrezkoa izango da, pertsonen arteko bi metroko segurtasun distantzia mantendu ezin denean. Orain arte maskaren erabilera garraio publikoan baino ez da izan nahitaezkoa.

Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako agintariek astelehenean hartu zuten erabakia eta litekeena da neurria asteazken honetan bertan sartzea indarrean, Salvador Illa Osasun ministroak jakinarazi duenez.  

Agindua indarrean sartzeko Espainiako Aldizkari Ofizialean publikatzea baino ez da falta, eta hori asteazken honetan izan daitekeela baieztatu du Illak.

Maskara higienikoak edo kirurgikoak izan beharko dira eta, besteak beste, farmazietan egongo dira eskuragarri.

Illak zehaztu du salbuespenak egongo direla zenbait kolektibotan eta posible izango dela adinagatik edo medikuak hala aginduta, maskararik erabili behar ez izatea. Edonola ere, xehetasun guztiak agindua argitaratzean emango dituztela esan du, "eta hori ziurrenik bihar izango da", berretsi du.

Horrez gain, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan kalera irteteko ordutegiak kentzeko dekretua datozen egunetan iragarriko dutela esan du.

Bestalde, maskara erabili behar den ala ez zalantza izanez gero, jartzeko gomendioa egin du Fernando Simon Alerta eta Osasun Larrialdietarako zuzendariak.  

"Zalantza izanez gero, edozein pertsona arduratsuk maskara jarri beharko luke", adierazi du. Ildo horretan, maskara erabiltzearen helburu nagusia beste pertsona batzuei gaitza kutsatzea eta arriskuan dauden pertsonak babestea dela ekarri du gogora.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Maskarak gaur