Gizartea -
KORONABIRUSA
Irungo Udalak bertan behera utzi ditu San Martzialeko ekitaldi instituzionalak
Ekainaren 30ean, 12:00etan, San Martzial mendian botoa bete baino ez dela egingo erabaki dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Irungo Udalak bertan behera utzi ditu aurtengo sanmartzialetako ekitaldi instituzionalak, ekainaren 30ean egitekoak zirenak, covid-19aren ondorioz, botoa betetzea izan ezik, ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Horrela, Udalbatza 12:00etan igoko da San Martzial mendira ekainaren 30ean. Udalak herritarrei dei egiten die, "inoiz baino gehiago, balkoiak eta leihoak hiriko banderarekin eta festaren koloreekin janzteko".
Irungo Udalak San Pedro eta San Martzial jaietako egitarauaren inguruko hausnarketa jarri zuen abian duela aste batzuk. Egitarauaren barruan jai-ekitaldiak antolatzen dituzten erakunde guztiekin bildu ondoren, egungo egoerara egokitutako jaiak egitea erabaki zuten, eta horretan ari dira lanean gaur egun.
Jai egitarauaren barruan egiten diren ekitaldi instituzionalei dagokienez, Udal Gobernuak, gainerako talde politikoekin batera, guztiak aztertu eta horretaz hitz egin du. Azkenik, ekainaren 30ean, 12:00etan, San Martzial mendian botoa bete baino ez dela egingo erabaki dute.
Ekitaldi instituzional hori Irungo herritar guztiak ordezkatzen dituen Udalbatzak egiten du, covid-19aren osasun-krisiarekin bizitzen ari garen egoeraren barruan ezartzen diren mugak betez.
Azkenik, Udalak "exijentziak betetzen laguntzeko bakoitzaren ulermena eta erantzukizuna" eskertu die herritarrei, eta "egun ezberdinak izango diren arren, ekainaren 29a eta 30a berriz ere egun bereziak izango dira irundar guztientzat", adierazi du.