Gizartea -
Beltrán de Heredia
"Ezin gara etxean hamar lagun bildu"
“Adineko senideak bisita daitezke”. EAEn 1 fasean zehar, tabernetako terrazetan soilik batu daitezke gehienez ere hamar pertsona, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren arabera.
Radio Euskadi | eitb.eus
“Egin ahal denaz edo egin ezin denaz haraindi, norbere erantzukizunaren eta erantzukizun kolektiboaren aldeko deia egiten dut”. “Erantzukizun” hitza da Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketan gehien erabili duena, gaur 1 fasea abiatu duen dekretua indarrean sartu dela eta piztu diren hamaika zalantzen aurrean. “Zentzu komuna” eskatu du “birusaren transmisioa murrizteko”. Beltran de Herediak ez du baztertu egunek aurrera egin ahala “neurriak malgutzen” joatea. Sailburuak adierazi du Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarrera “pedagogikoa” izaten ari dela eta isunak “kasu nabarmen eta errepikatuetan” jartzen dituztela.
“Beharrezkoak ez diren bilerak ekidin behar ditugu”, esan du Segurtasun sailburuak, hainbat duda argitu aurretik. Terrazetan, nahibeste denbora egon ahalko da pertsona bakoitza, “hamar pertsonara arteko taldeetan, 2 metroko segurtasun tartea gordeta”. Aitzitik, Espainiako Estatuan ez bezala, ezingo da bilerarik egin “ez sozietate batean, ez txokoan, ez lonjan, ez parkeetan ezta plazetan ere”. Sailburuak azaldu du ez dagoela eragozpenik adineko senideak EAE osoan bisitatzeko, “baina ezin da beraiekin jairik ospatu”.
Paseoa eta jarduera fisikoa 0 fasean egin zitezkeen ordutegi beretan egin daitezke fase honetan ere. Kirola egiten ari direnak ondoko udalerrian sartu ahalko dira, baina jatorrizko udalerriko ordu tarteak errespetatuta. “Nerabeek lagunekin batera egin dezakete kirola, elkarren arteko tartea utzita, baina ezingo dira batu plazan, parkean edo lonjan elkarrekin egoteko”.
Informazio hau Radio Euskadik landu, eta eitb.eus-ek itzuli du.