Gizartea -

Koronabirusa

Hipotesi hutsa da COVID-19aren mutazio kutsakorragoa agertu dela

Erresuma Batuan argitaratutako artikuluak ez du zientzia aldizkari batean agertzeko berrikuspena pasatu, baina "SARS-CoV-2 birusa baino kutsakorragoa den forma baten agerraldia" planteatzen du.

SARS-CoV-2 birusaren erasoa. Argazkia: Efe
SARS-CoV-2 birusaren erasoa. Argazkia: Efe
SARS-CoV-2 birusaren erasoa. Argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 koronabirusa eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren mutazio kutsakorrago bat agertu dela ondorioztatu dute Erresuma Batuko unibertsitate batean, baina hipotesi hutsa da, Koronabuloak ekimenak bildutako adituen iritziz.

Hainbat erabiltzaile jarri dira gurekin harremanetan WhatsAppeko 600 900 454 zenbakian, pandemian sortzen ari diren gezurrezko albisteei aurre egiteko sortutako #Koronabuloak ekimenaren baitan, COVID-19a eragiten duen birusa baino kutsakorragoa den mutazio bat agertu izanaren inguruan galdetzeko.

Iñaki Comas Valentziako bideomedikuntza institutuko ikerlariak Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol saioko lankideei erantzun die, eta argitu die mutazio genetiko batek izan dezakeen eragina zein den jakiteko pauso hauek eman behar direla: "Eremu aldagarria identifikatu, ingeniaritza genetikoaren bitartez birus basatian sartu, eta animalia modelo batean froga egin". "Bestela, zaila da mutazio batek duen eragina jakitea", gaineratu du adituak.

Aipatu hipotesia Sheffieldeko Unibertsitateko COVID-19aren genomika taldeak osatu du, eta preprint gisa argitaratu dute. Preprint izenarekin ezagutzen dira zientzialariek doako biltegi edo gordailuetan uzten dituzten artikuluak, mundu osoko adituekin partekatzeko. Honela azaldu dute Maldita Ciencia atalean.

Hauek dira Maldita.es-ek, Koronabuloen ekimenean EiTBrekin elkarlanean ari denak, gai horren inguruan jaso dituen iritziak:

Victor Jimenez Cid Madrilgo Complutense Unibertsitateko Mikrobiologia katedradun eta Espainiako Mikrobiologia Elkarteko kideak Maldita Ciencia-ri azaldu dionez, Sheffielden egindako ikerketa "orain arte egin den osoena da informatika ikuspuntutik".

Hipotesia titularrera eramatearen eragina

Iikerketan diote birusaren mutazioa txikia dela, baina horietako bat "jatorrizkoari gailentzen" ari zaiola. Horren harira, Jimenez Cidek uste du Sheffieldeko zientzialariek mutazioa kutsakorragoa dela ondorioztatu dutela, baina "komunitate zientifikoa ez dago ados, zeren ez dute egiaztatu: hipotesi hutsa da. Hipotesia goiburuan jartzeak datuek ematen ez dioten garrantzia ematen dio". Hori egitea, hau da, hipotesia tituluan jartzea, kritikatu egin dute adituek, tartean Angela Rasmussen Columbia Unibertsitateko birologoak.

Mutazioa birulentoagoa dela ere ez dute egiaztatu, zeren "karga biral handiagoa" aurkitu badute ere, aitortu dute ez dakitela arrazoia mutazioa den, ez dakitelako "noiz hartu ziren gaixoen laginak", ez "karga biral handia edo txikia" zuten, zehaztu du Jimenez Cidek.

Mutazioak txertoaren aurkikuntza zailduko ote lukeen galdetuta, katedradunak ezetz erantzun du, gauza bera gertatzen delako gripearekin, eta txertoak egokitu egin daitezkeelako.

Maldita.es-ez eta La Mecanica del Caracol-eko zientzialari komunitateaz gain, EiTB VOST Euskadi-rekin ere ari da elkarlanean egunotan sortzen ari diren buloei aurre egiteko.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa