Gizartea -
KORONABIRUSA
Frantziak koarentenan jarriko ditu atzerritik heltzen direnak
Gainera, positibo ematen dutenek isolamenduan egon beharko dute 30 egunez. Frantziako Gobernuak beste bi hilabetez luzatu nahi du osasun alerta egoera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziak 14 eguneko koarentena ezarriko die atzerritik heltzen diren pertsona guztiei koronabirusaren zabalkundea ekiditeko, eta probetan positibo ematen dutenek 30 egun eman beharko dituzten isolamenduan.
Aurrerago zehaztuko dituzte arau hauek dekretu bidez, baina jada jasota daude larunbat honetan Frantziako Gobernuak aurkeztu duen lege proiektuan. Lege proiektu horretan, besteak beste, osasun alerta bi hilabetez luzatzea aurreikusten da, uztailaren 24ra arte, maiatzaren 11n deskonfinamentuari ekingo zaion bitartean.
"14 eguneko koarentena lurraldean sartzen den orori ezarriko zaio" -Korsika, departamenduak eta itsasoz bestaldeko lurraldeak barne- sintomarik izan ez arren, frantziarra edo atzerritarra izanda ere, azaldu du Olivier Veran Osasun ministroak prentsaurreko batean.
Probak egin eta positibo emanez gero, isolamenduan egon beharko dute pertsona horiek eta baldintzak Administrazioak ezarriko ditu, mediku txosten baten gainean.
Arauak betetzea onartzen ez dutenak, zetozen tokira itzuliko dituzte.
Askatasunen eta atxiloketen epaile batek ezarriko dituen kontrol bermeen pean egongo dela dispositiboa gaineratu du Veranek.