Gizartea -
Koronabirusa
Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da garraio publikoan, gaurtik aurrera
Horrez gain, alarma-egoera laugarren aldiz luzatzea eskatuko duela jakinarazi du Pedro Sanchezek.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak jakinarazi duenez, gaurtik aurrera (maiatzak 4), derrigorrezkoa izango da garraio publikoan maskarak erabiltzea, hau da, arintze prozesuaren 0. fasea hasten denean.
Zehaztu duenaren arabera, hori hala izan dadin, Gobernuak 6 milioi maskara banatuko ditu garraio publikoko lotune nagusietan. Horrez gain, beste 7 milioi maskara helaraziko dizkio Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioari (FEMP), hark bana ditzan. Azkenik, beste milioi eta erdi maskara emango dizkie Gurutze Gorria, Caritas eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Estatuko Batzordeari (CERMI).
Laugarren alarma-egoeraren eskaera
Gainera, Sanchezek azaldu du alarma-egoera luzatzeko baimena eskatuko diola Kongresuari datorren asteazkenean, laugarren aldiz eta beste hamabost egunez.
"Orain badakigu alarma-egoerak funtzionatu egin duela, baita beharrezkoa izaten jarraitzen duela ere", azaldu du Sanchezek Moncloan egindako agerraldian.
Egun indarrean dagoen luzapena, hirugarrena, apirilaren 26an sartu zen indarrean, eta maiatzaren 9tik 10era bitarteko gauerdira arte luzatuko da.
Laugarren luzapen hori onar dadin, Kongresuaren gehiengo soila behar du Sanchezen Gobernuak. Hala, apirilaren 23an egindako azken bozketan, luzapenaren eskaerak aurrera egin zuen aldeko 269 botorekin, kontrako 60 botorekin eta 16 abstentziorekin.
"Izurritearen aurkako borroka irabazten ari gara, baina heriotzen kopurua handia izaten ari da. Birusak ez du alde egin", azpimarratu du Sanchezek.
Funts bat egongo da susperraldi sozial eta ekonomikorako
Era berean, 16.000 milioi euroko funts berezi bat onartuko dutela iragarri du, erkidegoen "susperraldi sozial eta ekonomikorako". Horri buruzko nondik norako gehiago erkidegoetako presidenteordeekin igande honetan egingo duen bideokonferentzian azalduko dituela esan du.
Modu horretan, autonomia erkidegoek egindako eskaerak aintzat hartzen direla baieztatu du Sanchezek. Horrez gain, aipatu funtsa ez dela itzulgarria izango aurreratu du, "erkidego bakar bat ere atzean gera ez dadin", pandemiak bere lurraldean duen eragina edozein izanda ere.