Gizartea -
Koronabirusa
260 hildako zenbatu dituzte Italian, azken sei asteetako kopururik baxuena
Maiatzaren 4an hasiko dira konfinamendua biguntzen. Orduan, enpresa gehienek euren jarduerari berriro ekingo diote. Dena dela, herritarrek mugitzeko murrizketekin jarraituko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusarekin 260 pertsona hil dira azken 24 orduetan Italian, azken sei asteetako kopururik txikiena, igande honetan egindako zenbaketa ofizial baten arabera. Guztira, 26.644 lagun hil dira koronabirusarekin herrialdean.
Larrialdi egoera hasi zenetik, joan den otsailaren 21ean, 197.675 kutsatu zenbatu dira, hildakoen eta gaitza gainditu dutenen artean. Egun gaixorik dauden lagun kopurua 106.103koa da. Azken 24 orduetan 256 kasu gehiago atzeman dira, eta horietatik % 78 etxean daude, sintoma arinekin edo sintomarik gabe.
Maiatzaren 4an hasiko dira konfinamendua biguntzen. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak agerraldi telematikoa egingo du 20:20ean tokiko orduan, deseskalatze planaren nondik norakoak azaltzeko.
Igande honetan "La Repubblica" kazetan argitaratutako kazetan Contek azaldu duenez, maiatzaren 4an enpresa gehienek, manufaktura-industria eta eraikuntzak euren jarduerari berriro ekingo diote. Dena dela, herritarrek mugitzeko murrizketekin jarraituko dute.
Contek aurreratu duenez, konfinamenduaren "murrizketa zorrotzenak" berriro aztertuko dituzte, baina ez du argitu nola. Italiako hainbat komunikabidek diotenez, paseatzera eta kirola egitera atera ahalko dira herritarrak, baina segurtasun tarteak errespetatuta eta kutsatzeak ekiditeko maskara jantzita.