Gizartea -
Nafarroa
Antitaurinoek 250.000 euro eskaini dituzte Iruñeak entzierroei uko egin diezaien
Zehazki, "entzierro krudelekin eta ondorengo zezenketekin behin betiko amaitzeko" eskatu dio PETA animalien eskubideen aldeko elkarteak Iruñeko alkateari.
Agentziak | Erredakzioa
Sanferminetan, urtero egiten diren entzierroen aurka protesta egin ohi duen PETA animalien eskubideen aldeko elkarteak, 250.000 euro eskaini dizkio Iruñeko alkateari, zezenketen ospakizunari "behin betiko" uko egiten badio. Aurten, ordea, jaiak ez dira uztailean ospatuko, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz hirian hartutako prebentzio-neurriak direla eta.
Hala, 2020ko sanferminak ohiko datan bertan behera geratu direla jakin ostean, PETAk gutun bat bidali dio Enrique Maya Iruñeko alkateari, "hiriari milioi laurden euro eskainiz, entzierro krudelekin eta ondorengo zezenketekin behin betiko amaitzeko konpromisoa hartzen badu", adierazi du kolektiboak ohar baten bidez. Udalak, gutuna jaso duela jakinarazi du.
"Zezenketen industria finantza-arazo larrietan dago, eta gero eta handiagoa da entretenimendurako animaliak ustiatzearen aurkako jarrera. Beraz, espero dut ados egotea Iruñean ikuskizun krudel eta arkaiko honi amaiera emateko garaia dela", esan du Ingrid Newkirk PETAren sortzaileak.
PETAren esanetan, "animaliak ez dira gureak, ezta gu entretenitzeko erabiltzekoak ere", eta Espainiako 100 probintzia eta hiri baino gehiago zezenketen aurka agertu direla nabarmendu du. Alabaina, "Iruñean urtero ospatzen diren San Fermin jaietan, izututa dauden zezenak kale estuetan korrika egitera behartzen dituzte, zezen-plazan heriotza bortitz bat izateko bidean doazela".
Alkateari bidalitako gutunean, Newkirkek bere proposamena onartzea espero duela adierazi du, izan ere, "2021erako San Fermin jaiak elkarrekin prestazen has gaitezke, non herritar guztiek, animaliek eta haien babesleek barne, txalo egingo duten".