Gizartea -

Koronabuloak

Ez, anana, limoia edo ahuakatea jateak ez gaitu babesten koronabirusaren aurrean

Elikagaien pHak ez du aldatzen gure gorputzarena; izan ere, azken hori beti aldaketarik gabe egoten da. Hortaz, jaki alkalinoagoak kontsumitzeak ez digu laguntzen COVID-19 gaitza prebenitzen.

Anana erabiliz prestatutako errezeta bat, artxiboko irudian. EiTBren bideo bateko argazkia.
Anana erabiliz prestatutako errezeta bat, artxiboko irudian
Anana erabiliz prestatutako errezeta bat, artxiboko irudian. EiTBren bideo bateko argazkia.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alkalinagoak diren elikagaiak jateak, hau da, pH handiagoa duten jakiak kontsumitzeak, ez gaitu babesten koronabirusaren aurrean, eta ez digu laguntzen COVID-19 gaixotasuna prebenitzen.

Jaten ditugun elikagaien pHak ez du aldatzen gure gorputzarena; izan ere, azken hori beti aldaketa handirik gabe egoten da, 7.3 eta 7.45 artean; ondorioz,elikagai  alkalinoagoetako dieta jarraitzeak ez du gure pHa aldatzen.

Alabaina, gure erabiltzaileek mezu jakin baten berri eman digute 600 900 454 zenbakian, EiTBk #Koronabuloak gelditzeko duen ekimeneko WhatsAppean; izan ere, mezu horrek kontrakoa adierazten du; nabarmen zabaldu da WhatsAppen eta Twitter eta Facebook sare sozialetan.

Testuak hala dio:

Guztiontzako informazioa: COVID-19a immunea da 5.5etik gorako pHko organismoen aurrean.

*BIROLOGIA zentroa, Mosku (Errusia).

Jaki alkalinoagoak kontsumitu behar ditugu, pHko gure maila igotzen laguntzen digutelako, biruari aurre egiteko.

Horietako batzuk dira:

Limoia-9.9ko pHa

Ahuakatea-15.6ko pHa

Berakatza-15.6ko pHa

Mangoa-8.7ko pHa

Mandarina-8.0ko pHa

Anana-12.7ko pHa

Laranja-9.2ko pHa

Ez gorde informazio hau zeure buruarentzat soilik. Zabaldu senideen eta lagunen artean. Zaindu, eta Jainkoak bedeinka zaitzatela.

Mezua hainbat herrialdetan zabaldu dute (Venezuelan, Afrikako zenbaitetan…), eta, bertsio bat baino gehiago du; horietako batean, Mexikoko ikerkuntza-zentro  bat dago aipatuta, Monterreyko zentro bat.

Elikagai horiek kontsumitzeak ez gaitu babesten COVID-19aren aurrean

La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioak (Radio Euskadikoa da, Eva Caballerok zuzendu eta aurkezten du, eta #Koronabuloak gelditzeko ekimenean lanean dabil) mezu hau izan du hizpide, eta azaldu du zergatik dioena egia ez den. Horretarako, Guillermo Quindos EHUko Mikrobiologia katedraduna elkarrizketatu du. Entzun ahal duzu elkarrizketa osoa hemen, 42:30etik aurrera.

Adituaren hitzetan, jaten ditugun elikagaien pHak ez du eraginik gure organismoan: "Digestioa egiten dugunean, elikagaien osagaiak baliatzen ditugu, hau da, xurgatzen diren blokeak", zehaztu du, "baina barneko gure pHak aldatzen ez diren muga batzuen barruan jarraitzen du: 7.3-7.35ekoa da, 7.4 edo 7.45ekoa".

Quindosek nabarmendu duenez, beharrezkoa da gure pHa beti parametro berdinetan egotea; bestela, "arazo organiko oso handiak izan genitzake, disfuntzioak sortuko lirateke, eta gaixotasunak jasan genitzake".

"Elikagai batzuek mantenugai eta bitamina hobeak ematen dituzte, gure immunitate-sistema indartsuago egon dadin", dio adituak, "baina, kontu honetan, bitamina-osagarriekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: hipobitaminosi-arazorik ez dutenei, ez diete inongo ekarpenik egiten".

Quindosek elkarrizketa amaitzeko esan duenez, "anana jatea gustuko duenak" (mezuko zerrendan agertzen den jakietako bat) "jan dezala, baina betekadarik egin gabe".

Maldita.es-ek ere gezurtatu egin zuen

COVID-19aren gaineko buloak gelditzeko lanetan, EiTB Maldita.es web orriarekin ere dabil; Maldita.es-ek ere gezurtatu zuen mezu hori, apirilaren 13an. "Birus guztiak hiltzen dira muturreko pHetan, azidoak zein oinarrizkoak", azaldu zion aipatu web orriari Pepe Alcami Carlos III.a Osasun Institutuko birologoak, "eta horregatik darabiltzagu lixiba eta antzeko produktuak horiek desaktibatzeko. Alabaina, gauza bat da birusa gainazaletan indargabetzea, eta oso bestelakoa organismoaren pHa igoz edo jaitsiz hura indargabetzea", gaineratu zuen.

Mezuan emandako pHak ez dira zuzenak

Maldita.es-ek zehaztu zuenez, pHa "bitarteko batek duen azidotasun edo alkalinotasun maila neurtzeko erabiltzen dugun eskala da. 0tik 14ra bitarteko balioekin neurtzen da: 0ak azidotasun mailarik altuena adierazten du; 14ak, berriz, alkalinotasun mailarik altuena".

Mezuan agertzen diren elikagaien pHak ez dira zuzenak. U.S. Department of Health & Human Serviceseko web orri hau kontsultatu dugu; horren arabera, limoiaren pHa 2.0-2.6 artekoa da (mezuak dio 9.9koa dela); ahuakatearena 6.27-6.58 bitartean dago (mezuak 15.6 ematen dio, hau da, eskalako balio gorena baino altuagoa); berakatzak 5.80ko pHa du (mezuak 13.2 dio); mangoak, 3.4-6.0 artekoa (mezuaren esanetan, 8.7); mandarinak, 3.32-4.48 artekoa (8.0 ematen diote); ananak, 3.2-4.0 artekoa (ez 12.7); eta mangoak, 3.3-4.9koa (ez 9.2).

Horrez gain, ez da datu gehiagorik ematen mezuan aipatzen den Moskuko balizko birologia-zentroari buruz, hura identifikatzeko balio dezakeenik.

Euskal Irati Telebista VOST Euskadirekin ere ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Albiste faltsuak COVID kasuak