Gizartea -
Koronabirusa
Sanchezek maiatzaren bigarren erdialdean ezarri du "deseskalatzearen zeruertza"
Aurreikuspen horrekin, “alarma egoeraren baldintzak aldatzen joango dira, aurrerapausoetan hutsik ez egiten saiatuta”, Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan azaldu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur, asteazkenarekin, esan duenez, maiatzaren bigarren erdialdean ezarri dute koronabirusaren pandemiari aurre egiteko alarma egoeran hartzen ari diren neurriak “deseskalatzearen zeruertza”.
Sanchezek Kongresuko osoko bilkuran, Madrilen, egindako hitzaldian aurreratu du asmo hori, alarma egoera hamabost egun luzatzea eskatzeko eta Europako Kontseiluaren azken akordioen berri emateko agerraldian.
Exekutiboko buruaren ustez, ezinbestekoa da alarma egoera luzatzea, nahiz eta adierazi duen luzapen hau eskatzeko unean, lehenengoz, krisiaren eperik gogorrena atzean utzitakoan bizitza zelakoa izango den begiztatu ahal duela.
Sanchezek argi utzi du ez duela hutsegiterik nahi, ez duela lehengo egoerara itzul gintzakeen arriskurik hartuko, eta bermatu du Espainiak une oro jarraituko diela Munduko Osasun Erakundearen irizpideei herrialdeak abiatuko duen fase berrirako.
Deseskalatzearen zeruertza maiatzaren bigarren erdialdean jarrita, Sanchezek azaldu du alarma egoeraren baldintzak aldatzen joango direla, betiere beren buruari osasun sistemari onik eusteko helburu argia ezarrita.
“Arintze neurriak”
Sanchezek iragarri du alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko aginduak eskumena emango diola Salvador Illa Espainiako Osasun ministroari itxialdia arintzeko neurri berriak ezartzeko.
Nolanahi den, Sanchezek abisatu du konfinamendu neurriak arintzeaz bat “beharrezko arreta” gorde beharko dela. Are gehiago, epidemiaren bilakaeraren arabera, “aurrerapauso edo atzerapausoak” emango direla erantsi du.
Gainera, agindu eta jarraibideak ezberdinak izan litezke, Sanchezen hitzetan, lurralde batean edo bestean, bai pertsonei baimendutako joan-etorriak mugatzeari dagokienez, baita merkataritza jarduerari eta negozioen, tabernen, jatetxeen irekierari zein museo, liburutegi eta ikuskizun aretoen martxa abiatzeari dagokionez ere.
“Zuhurregi”, umeen paseoak baimentzeko orduan
Sanchezen ustez, Gobernuak “zuhurregi” jokatu zuen 14 urtetik beherakoen paseoak baimentzeko orduan. “Gure seme-alabak dena dira”, esan du Kongresuaren osoko bilkuran, atzo hautsak harrotu zituen gertakari kateari buruz. Hasiera batean, Gobernuak iragarri zuen umeak gurasoei mandatuak egiten laguntzeko soilik atera ahalko zirela kalera, baina gero atzera egin eta paseoak baimendu zituen.
EAJk eskatu du autonomiak kontuan hartzea
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak Pedro Sanchezi ohartarazi dio “erantzukizunagatik” alarma egoera, hirugarrenez, maiatzaren 10era arte luzatzea babestuko badute ere, ordutik aurrera ez dutela jarrera bera izango, autonomiei ez bazaie deseskalatzea kudeatzeko eskumenik ematen.
EH Bildu, abstentzioa eta kritikak
Mertxe Aizpuruak azaldu du EH Bilduk abstentzioari eutsiko diola alarma egoera luzatzeko eskariaren aurrean, eta kritikak egin ditu Espainiako Gobernua eskuduntza autonomikoak inbaditzen ari delakoan eta “gehiago egin dezakeen eta egin behar duen” ustean.