Gizartea -
KORONABULOAK
Ez, slip-babesek ez dute maskaren eraginkortasuna sendotzen
WhatsApp bidez hedatutako bideo batek maskara kirurgikoen barnealdean slip-babesa jartzea proposatzen du, haien eraginkortasuna handitu eta "FPP2 edo FFP3 maskaren baliokideak" izan daitezen.
EITB
Adituen arabera, nahiz eta kirurgia-maskaren barnealdean slip-babes bat jarri, maskara horiek ez dute beren eraginkortasuna areagotzen koronabirusaren kutsatzea ekiditeko. Gainera, "sendotze" metodo horrekin ez da airea iragazten, eta ez ditu aipatu maskarak osasun-langileentzat aproposagoak diren FPP2 maskaren pareko bihurtzen.
Azken egunetan, WhatsAppetik zehar zabaldutako bideo batean, bata zuriz jantzita ageri den gizonezko batek erabilera bakarreko maskara kirurgikoak sendotzeko gomendio gisa maskara horien barne aldean slip-babesak itsastea iradokitzen du, maskaran sartzen den airea iragazi eta "FPP2 edo FFP3 maskaren parekoak" izan daitezen.
Testuinguru horretan, hainbat pertsona jarri dira gurekin harremanetan aipatu edukiari buruz galdetzeko #Koronabuloak ekimeneko 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bidez, hau da, EiTBk koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei eta buloei aurre egiteko martxan jarri duen telefonoan.
Zeregin horretan, Euskal Irrati Telebistak Maldita.es webgunearen (Maldito Bulo atalaren bidez) laguntza du, besteak beste, eta horiek dagoeneko jorratu dute maskaren eta slip-babesen gaia, eta, ondorioztatu dutenez, bideoan proposatzen den ideia gauzatuz gero ez litzateke maskara indartuko eta, gainera, "duen erabilgarritasuna baliogabetu edo murriztu" egin genezake.
Horrenbestez, Maldita.es-eko Maldita Ciencia ataletik Marián "Boticaria" García farmaziako doktorearekin jarri dira harremanetan. Haren aburuz, slip-babesa bideoan erakusten den moduan erabiltzen bada, arnasketa zailduko luke. "Maskarek arnasa hartzeko aukera eman behar dute", azaldu du Garcia medikuak, baina bideokoari jaramon eginez gero "airea ez da pasako, eta goitik edo behetik aterako da, iragazi gabe".
Antzeko adierazpenak egiten ditu Fernando Userak, Espainiako Biosegurtasun Zentro Nazionaleko (CNB-CSIC) ikertzaileak ere. "Ez nago ados' burutazio' horrekin. Modu horretan, maskara soinean daramanak ez ditu izango ondo itxita ahoko eta sudurreko eremuak; beraz, ez dut uste babes handiagorik lortuko denik hori eginez gero", esan du Userak.
Halaber, Gemma del Caño farmazeutiko eta elikagaien industriaren segurtasunean adituak honako hau gaineratu du: "FPP2 maskarak osasun-langileek erabili behar dituztenak dira, haiek ezin baitute segurtasun-distantzia gorde, gainerakook egin behar duen bezala. Eta maskara serioak behar dituzte, homologatuak, eta ez asmakizun hauek".
Bestalde, Guillermo Quindós EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Mikrobiologiako katedradunak eta Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol saioan ohiko kolaboratzailea denak asteburu honetan gogorarazi duenez, "higienikoak deituriko maskarek ez dute soinean daramana babesten, baina gaixotasunaren sintomarik ez dutenek azalerak kutsatzea saihesten dute". Hartara, kutsatzea saihesteko neurririk handiena eskuak ondo garbitzea, eta esku zikinekin ez ukitzea ahoa, sudurra edo begiak". Quindosek joan zen ostiralean, apirilaren 17an, La Mecanica del Caracol irratsaioan maskarei buruz esandakoa programaren 21. minututik aurrera entzun daiteke.
Azkenik, komeni da gogoratzea Osakidetzak berriki argitaratu dituen argibideak, maskarak nola eta zer egoeratan erabili behar diren azaltzeko:
- Leku itxietan, baldin eta 2 metroko distantzia mantendu ezin den.
- Erabili aurretik eta ondoren eskuak garbitzea.
- Ahoa eta sudurra ondo estaltzea, aurpegiaren eta maskararen artean tarterik utzi gabe.
- Belarrietako kordelei helduta kentzea.
- Hezea dagoenean edo hondatzen denean aldatzea.
- Poltsa itxian gordetzea, hurrengo erabilerara arte, berrerabilgarria bada.
- Aurrealdea ez ukitzea, eta, eginez gero, eskuak garbitzea.
La Mecánica del Caracol irratsaioko komunitate zientifikoaz eta Maldita.es webguneaz gain, EiTBk VOST Euskadi elkartea (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun du albiste faltsuei aurre egiteko borrokan.