Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroako egoitzetako adineko guztiei testak egingo dizkietela iragarri du Chivitek

Datorren astean lanera itzuliko direnei dagokienez, jarduera ekonomikoa “eta langileen osasuna eta segurtasuna bateragarriak izan behar direla” azpimarratu du.

Maria Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Maria Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentea
Maria Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, egoitzetako adineko guztiei koronabirusa antzemateko probak egingo dizkiete, sintomak izan ala ez. Chivite "baikor" agertu da, baina "zuhur" gaixotasunaren eragina eta bilakaera agertzen duten datuen aurrean.

Chivitek azaldu duenez, larunbatera arte 1.200 proba egin dituzte Nafarroan, eta datorren astetik aurrera "egoitzetan dauden guztiei egingo zaizkie, sintomak izan ala ez", "arriskuan dagoen jende taldea delako" eta haien inguruko arreta indartu nahi dutelako.

Ildo beretik, test horiek ere Oinarrizko Arretan ari diren profesionalei eta alor soziosanitarioenekoei egingo dizkiete, egoitzetako jendearekin harreman zuzena dutelako.

Hori da Chivitek aditzera eman duena Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin eta gainontzeko erkidegokoekin izandako bideokonferentziaren ostean emandako prentsaurrekoan. Bideokonferentzian, langileek maskarak nola erabili behar dituzten azaltzeko eskatu du, eta banaketaz farmaziak arduratzea proposatu du. Halaber, gobernuak Nafarroan duen ordezkariari “laguntza osoa” eskaini dio.

146.000 maskara

Osasun Ministerioak 146.000 maskara bidali dizkio Nafarroako Gobernu Delegaritzari asteartetik aurrera lanera garraio publikoan joango diren pertsonen artean banatzeko.

Hala ere, astelehenean koordinazio bilera egingo dute Foru Gobernuarekin banaketa lanak zehazteko, Gobernuko delegaritzak ohar baten bidez aditzera emandakoaren arabera.

Hiru lehentasun

Lan jarduerari dagokionez, Chivitek ezpimarratu duenez, "Nafarroako Gobernuarentzat oso garrantzitsua da langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea". Izan ere, hasiera batean "jarduera ekonomikoa neurri batean mantentzearen alde" agertu ziren arren, argi dute hori langileen osasuna bermatzearekin bateragarria izan behar duela.

Asteartean langile nafar asko euren lanpostuetara itzuliko direla jakinda, gobernuak hiru lehentasun izango ditu: lan testuingurutan segurtasunerako protokoloak ezartzea, enpresek norberaren babeserako ekipamendua lortzeko erraztasunak izatea, eta lanera bueltatzeko kontziliazio neurriak aplikatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak María Chivite Koronabirusa