Gizartea -

KORONABIRUSA

100 milioi euroko funtsa sortu du Nafarroak, COVID-19aren krisiari aurre egiteko

Hainbat neurri jasotzen dituzten bi lege onartu ditu Nafarroako Gobernuak, maila sozialean eta ekonomikoan koronabirusaren pandemiak kaltetutakoei laguntzeko.

Maria Chivite, Nafarroako presidentea, aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE.
Maria Chivite, Nafarroako presidentea.
Maria Chivite, Nafarroako presidentea, aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak koronabirusaren krisiari aurre egiteko bi neurri sorta onartu ditu gaur goizean, bi lege proiekturen bidez. Pandemiak ekonomian eta gizarte mailan eragin eta eragingo dituen kalteak leundu nahi ditu modu horretan Foru Gobernuak.

Batetik, gizartearen eta ekonomiaren babeserako neurriak onartu dituzte, hiru lerro nagusitan bereizita: 100 milioi euroko diru funtsa onartu dute, kopuru hori handitzeko aukerarekin, eta enpresei eman ahal izango zaizkien maileguen kopurua 30 milioi eurora arte handitzea erabaki dute. Abalak, berriz, 40 milioira artekoak izan ahalko dira.

Halaber, lege honen bidez, Foru Gobernuak eskura dituen baliabide guztiak, ekonomikoak eta humanoak, larrialdi egoerari aurre egiteko erabiliko ditu.

Bestalde, etxebizitzarekin, zergekin eta familia behartsuenekin lotutako neurriak jaso dituzte beste lege proiektuan. Besteak beste, errenta aitorpenaren autolikidazioen aurkezpen eta ordainketa epea luzatzea erabaki da, eta  langile autonomoen eta enpresa txikien zerga-zorretarako atzerapen berezia onartu da.

Etxebizitza arloan, foru lege dekretuaren arabera, babestutako etxebizitza eta birgaitzea sustatzeko hainbat neurri onartu dira, jarduera hori motore ekonomikoa izateagatik. Halaber, laguntzak aurreikusten dira maizterrentzat eta errenta ordaintzeko zailtasunak dituzten familientzat. Neurri guztiak telematikoki izapidetu ahal izango dira.

Horretaz gain, adinekoen egoitzetan esku hartzeko aukera izango du Foru Gobernuak, osasun publikoan oinarritutako arrazoiak aintzat hartuta. Hala, zentro pribatuetako edo publikoetako antolaketa moldatzeko edo egokitzeko eskumena izango du.

Lehendabiziko legeak talde guztien babesa jaso du, eta bigarrenaren bozketan, EH Bildu abstenitu egin da.

Maria Chivite Nafarroako presidenteak esan duenez, aurrekaririk gabeko egoera baten aurrean gaude, eta Foru Gobernuak eskura dituen baliabide guztiak jarriko ditu herritarren zerbitzura. Alarma egoeran herritarrak, oro har, izaten ari diren jarrera txalotu du buruzagi sozialistak.

Bere hitzaldian, Chivitek gogor kritikatu du Navarra Sumaren jarrera, egoera aprobetxatu nahi izan omen duelako emendakinen bidez sozietateen gaineko zerga erreformatzeko. Larrialdi egoeran halako jokabideak ez direla onargarriak esan du, eta lankidetza eskatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Espainiako Gobernua Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa