Gizartea -
KORONABULOAK
Italiako maskaren ustezko "pagotxa"
VOST Euskadik ohartarazi duenez, sare sozialetan pertsona pribatuen profilak agertzen hasi dira, Italiako jatorria duten maskarak erosteko "eskaintzak" plazaratzeko asmoz.
EITB
Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkarteak (VOST Euskadi) ohartarazi duenez, Italian jatorria duten maskarak erosteko "eskaintza" oso "mamitsuak" agertu dira sare sozialetan, profil partikularren bidez.
Eskaintza horiei ez erantzuteko eta erosketak behar denean bakarrik egiteko eskatu du VOST Euskadik, eta, erosiz gero, bermeak dituzten hornitzaileen bidez erostea.
Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea EiTBrekin batera ari da elkarlanean #Koronabuloak ekimenean, hau da, COVID-19 gaitzaren inguruan egun hauetan batetik bestera dabiltzan testu, argazkia, albiste, eduki edota bideo faltsuei aurre egiteko egitasmoan.
Era berean, WhatsAppeko 600 900 454 zenbakiaren bidez herritarrek bidalitako eduki susmagarriak jasotzeko ekimen horretan, albiste faltsuen aurka lan egiten duen Maldito Bulo webgunearekin ere harremanetan dago EiTB. Horrez gain, Eva Caballerok zuzentzen duen Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol dibulgazio-programan parte hartu ohi duen komunitate zientifikoaren laguntza ere badu.
VOST Euskadiko kideen esanetan, albiste honetan azaltzen den maskaren eskaintza "ustezko italiar batek egiten du, ia daturik ez duena. Bidalketa-gastuetako prezioak gehiegizkoak dira, eta iruzur itxurako hitz-gakoak darabiltza: 'prezio oso onuragarria', 'kalitate bikaina' eta 'bidalketa ezin azkarragoa'".
Elkarteak gogorarazi du maskarak zein eskularruak "behar izanez gero" bakarrik erosi behar direla, eta, betiere "ziurtatutako lekuetan": farmazietan, hurbileko saltokietan, baimendutako zentroetan edo egiaztatutako segurtasun-ziurtagiriak dituzten online plataformetan.
VOST Euskadik ohartarazi duenez, ia daturik gabeko profil partikularrak dituzten "pagotxa" mota horiek "iruzur-saiakerak izaten dituzte atzean, erosketen, maileguen edo etxeko animaliak adoptatzearen bidez".
Gainera, martxoaren 15az geroztik, osasuna babesteko beharrezko produktuak (maskarak kasu) dituzten enpresa edo partikularrek Osasun Ministerioari jakinarazi behar dizkiote beren izakinak eta kokapena, egun horretako Estatuko Aldizkari Ofizialak jasotakoaren arabera.