Gizartea -

KORONABULOAK

Folioak dira osasun-materiala Frantziara daramala dioen kamioilariaren zama

Ustezko kamioilari batek bideo batean azaltzen duenez, Frantziara osasun-materiala eraman behar du, eta Espainiara, ordea, ez; alabaina, grabazioan agertzen dena Fabriano markako folio kaxak dira.

Bideoan ikus daitezkeen Fabriano markako folio-kutxak. Argazkia: EiTB
Bideoan ikus daitezkeen Fabriano markako folio-kutxak.
Bideoan ikus daitezkeen Fabriano markako folio-kutxak. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustezko kamioilari batek grabatutako bideo bat asko zabaldu da egunotan sare sozialen bidez. Aipatu kamioilariaren esanetan, osasun-materiala duten ehunka kutxa garraiatu behar ditu Frantziara; Espainiara, berriz, ez du ezer eraman behar; izan ere, azken herrialde horrek ez omen du material horrengatik "ordaintzen".

Hori hala izanik, dozenaka erabiltzaile jarri dira EiTBrekin harremanetan, #Koronabuluak geldiarazteko xedearekin martxan jarritako 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bitartez, eduki horri buruz ohartarazteko.

Egun hauetan, Euskal Irrati Telebista Maldita.es webguneko Maldito Bulo atalarekin dabil harremanetan, koronabirusari buruzko albiste faltsuak geldiarazteko asmoz. Hala, azken horrek dagoeneko jorratu du esku artean dugun gaia, eta bideoan ikus daitezkeen kutxak Italiako paper-fabrika bateko folioak direla ondorioztatu du, osasun-materiala izan beharrean.

Hona hemen aipatutako bideoa:

Bideoko irudietan, garraiolariak biltegi bat erakusten du, kutxaz betetako palet handiak gordetzen dituena. Haatik, kutxa horietan, Italiako Fabriano enpresaren zigilua agertzen da, eta enpresa horrek bulegoetarako, segurtasunerako, eskolarako edo arterako papera besterik ez du egiten.

Ordea, kamioilariaren arabera, Frantziara bideratutako osasun-materialez "leporaino" beteta daude biltegiak, "berrehun kamioi kargatzeko adina".

Bideoaren beste unea batean, kamioilariak dio galdetu egin zuela ea material hori Espainiara zergatik ez zen bidaltzen, eta jasotako erantzuna honako hauxe izan omen zen: "Espainiak eskularruak izango ditu, ordaintzen dituenean".

Bideoak hedapen handia izan du WhatsAppen eta Twitterren, Alfredo Perdiguero Poliziako inspektoreordeak txiokatu ostean. Perdiguero Voxen zerrendetan izan zen 2019ko Madrilgo hauteskunde autonomikoetan.

Gerora, Perdiguerok ezabatu egin zuen mezua bere kontu pertsonaletik. Ordurako, baina, Twitterreko beste erabiltzaile batzuek kopiatua zuten. Bertan, Perdiguero kexu zen; bere aburuz, Frantziara osasun-materiala garraiatzen duten bitartean, "lehen lerroan dagoen jendea gaixotzen eta hiltzen ari delako, materialik ez izateagatik".

Maldita.es webguneaz aparte, EiTBk VOST Euskadi (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun du buloei aurre egiteko xede horretan. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badauka.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa