Gizartea -
Koronabirus epidemia
Ospitaleak eta zahar-egoitzak izango dira lehenak test azkarrak jasotzen
Osasun Ministerioak 190.734 maskarilla bidali ditu Euskadira pazienteek eta osasun alorreko profesionalek erabiltzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Simon Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren zuzendariak igande honetan esan duenez, behar duten pertsona guztiek test azkarrak egiteko aukera izango dute, eta test horiek, dagoneko, ospitaletan eta arrisku handiko lekuetan, zahar-etxeetan adibidez, banatzen hasi dira.
Simonek Koronabirusaren Kudeaketa Teknikorako Batzordeak egindako bileraren ostean eman du horren berri. Halaber, COVID-19a antzemateko testen banaketa hasteko orduan "puntu batzuetan egoera larriagoa dela" kontuan izan behar dela esan du.
Honen harian, ospitaleek eta zahar-egoitzetan lanean ari diren arrisku handiko pertsonek lehentasuna dutela azaldu du. Horrela, kutsatutako inor bertara sartzea saihestuko dute eta positiboak garaiz antzemateko aukera izango dute, gaixoak gainontzekoengandik banatzeko eta orain arte izandako egoera larriak berriro errepika daitezen saihesteko.
Hortik aurrera, Simonek esan du "2, 3 edo 4 egunetan" biztanleria osoarekin lanean jarrituko dutela gaixotasunaren benetako kutsadura maila zein den jakin, positiboak antzeman, isolamendua bermatu, eta isolamendu horiek osasuntsu dauden pertsonen etxeetan egin ez daitezela ziurtatzeko. Horren gain, hurrengo faseetarako estrategia berriak pentsatuko dituzte.
190.000 maskarilla baino gehiago, Euskadira
Osasun Ministerioak 190.734 maskarilla bidali ditu Euskadira pazienteek eta osasun alorreko profesionalek erabiltzeko. Kopuru hori, erkidego guztietara bidaliko babeserako materialaren % 4 da.
Kopuruk handiena, 1.212.261 maskarilla (% 29,96) Madrileko Erkidegora bidali dute, Kataluniara, berriz, 513.393 bidali dituzte (% 12,69) eta Andaluziara 444.083 (% 10,98).
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.