Gizartea -
Koronabirus epidemia
Zientzialariek erabateko konfinamendua agintzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari
Datozen asteetan kasu ugari emango direla diote, eta gaur egun hartutako neurriek ez dutela kolapsoa saihestuko ohartarazi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Zientzia munduko aditu ugarik txosten bat atera dute Espainiako Gobernuari pertsonen zirkulazioa gehiago mugatzeko eta erabateko konfinamendua agintzeko eskaerarekin. Neurri hori ezinbestekotzat jotzen dute osasun sistemaren kolapsoa ekiditeko; bestela, zientzialarien ustez, kolapso hori martxoaren 25ean eman daiteke.
Txostena 69 zientzialarik sinatu dute, tartean epidemien jokaeran eta hedapenean adituak diren asko, osasun publikoko arlo ezberdinetako adituak, unibertsitateko irakasleak eta CSICeko kideak.
Zenbait matematika ereduri jarraituta, eta beste herrialdeetan emandako kasuak kontuan hartuta, denak ados daude datozen asteetan koronabirus kasu ugari emango direla esatean, eta egun hartutako neurriak osasun sistemaren kolapsoa ez dutela saihestuko uste dute. Ondorioz, ez dira egokienak COVID-19aren erikortasuna eta hilkortasunari aurre egiteko.
Horretarako, pauso bat gehiago emateko eskatzen dute eta mugikortasunaren egungo konfinamendu partziala erabateko konfinamenduagatik ordezkatzea eskatzen dute, hau da, lanerako joan etorrien % 50 baimendu ordez, mugikortasuna oinarrizko zerbitzuetan ari den jendeari bakarrik baimentzea.
Hiru hilabeteko epea
Txostenaren arabera, oso garrantzitsua da neurri hauek irmotasunez aplikatzea osasun zerbitzuen kolapsoa gertatu aurretik, 2-3 asteko aurrerapenarekin, eta horrela pandemiak populazioan duen eragina minimizatu.
Pandemiari aurre egiteko denbora epeari dagokionez, txostenaren arabera hiru hilabete inguru behar izango dira.