Gizartea -

COVID-19

Koronabirusaren pandemian eskuragarria eta egiazkoa den informazioa funtsezkoa da

Erakundeek kazetarien askatasuna babestea eskatu dute, eta COVID-19ko pazienteen datuen pribatutasuna ere.

AEBko lehen gaixoaren koronabirus infekzioaren (urdinez) irudi mikroskopikoa. NBE
AEBko lehen gaixoaren koronabirus (urdinez) infekzioaren irudi mikroskopikoa.
AEBko lehen gaixoaren koronabirus infekzioaren (urdinez) irudi mikroskopikoa. NBE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albiste faltsuek kaosa eta osasun arazoak eragin ditzakete, eta Gobernuek informaziorako sarbidea eta fluxu librea sustatu eta babestu behar dituzte koronabirusaren pandemia bitartean, giza eskubideetan adituak diren nazioarteko talde batek ziurtatu duenez.

"Oinarrizko eta indargabetu ezin den bizitzeko eskubidea jokoan dago, eta gobernuak haren babesa bermatzera behartuta daude. Giza osasuna ez dago bakarrik erraz eskuratzeko moduko arreta medikoaren mende. Mehatxuen izaerari eta norbera, bere familia eta bere komunitatea babesteko baliabideei buruzko informazio zehatza eskuratzearen mende ere badago", adierazi dute adierazpen batean.

Adierazpen-askatasunerako eskubidea, era guztietako informazioa eta ideiak bilatzea, jasotzea eta ematea ahalbidetzen duen eskubidea da, mugak alde batera utzita, edozein bitartekoren bidez. Murrizketa oso zehatzak onartzen dituzte soilik.

-Informazio eskuragarria

Nazio Batuen Erakundeko eta beste erakunde batzuetako giza eskubideen defendatzaileen arabera, herrialdeak behartuta daude informazio fidagarria ematera denentzat eskuragarri dauden formatuetan, bereziki, Interneteko sarbidea mugatua dutenentzat edo desgaitasunen bat dutenentzat.

"Interneterako sarbidea kritikoa da krisi garaian. Funtsezkoa da gobernuek Interneterako sarbidea blokeatzeari uko egitea. Internet blokeatuatuz gero, Gobernuek, lehentasunez, ahalik eta zerbitzu azkarrena eta zabalena bermatu beharko lukete".

Larrialdi uneetan bereziki, ordena publikoagatik edo segurtasun nazionaleko arrazoiengatik, Interneteko sarbidea murriztea ezin da justifikatu, adituek azaldu dutenez.

-Kazetariak babestu

Gobernuek aparteko ahaleginak egin behar dituztela kazetarien lana babesteko gaineratu dute.

"Kazetaritzak funtzio erabakigarria betetzen du osasun publikoaren larrialdi batean, bereziki bere helburua jendeari informazio kritikoaren berri ematea eta gobernuaren ekintzak gainbegiratzea denean. Gobernu guztiei informazio-askatasunari buruzko legeak modu sendoan ezartzeko eskatzen diegu, pertsona guztiek, kazetariek bereziki, informazioa eskura izan dezatela bermatzeko", irakur daiteke agirian.

-Informazio faltsua ekiditea

Adituek kezka adierazi zuten pandemiari buruzko informazio faltsuak osasun arazoak eta izua sor ditzakeelako, eta desinformazio horri heltzea da gobernuen eta Interneteko enpresen helburua.

"Informazio faltsu horiei aurre egiteko mezu publikoen, zerbitzu publikoko iragarkien eta tokiko hedapenerako eta kazetaritzarako larrialdiko euskarrien bidez bermatu daiteke (adibidez, gobernuaren osasun iragarkien bidez)", adierazi dute.

Erakundeen arabera – horien artean, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra–, beste neurri batzuetara jo daiteke, hala nola, edukia ezabatzea eta zentsura. Horrek osasun publikorako garrantzitsua den informaziorako sarbidea mugatu dezake, eta premia- eta proportzionaltasun-estandarrak betetzen dituztenean baino ez da gauzatu behar. Pandemiarekin lotutako informazioa kriminalizatzeko edozein saiakerak mesfidantza sor dezake erakundeen informazioan, informazio fidagarrirako sarbidea atzeratu eta adierazpen askatasunean eragin negatiboa izan dezake.

-Pribatutasuna babestea

Zaintzako teknologia-tresnak gero eta gehiago erabiltzen dira koronabirusaren hedapena arakatzeko.

"Pandemiari aurre egiteko ahalegin aktiboen beharra ulertzen eta babesten badugu ere, funtsezkoa da tresna horien erabilera mugatzea, bai asmoari bai denborari dagokienez, pribatutasunerako, diskriminaziorik ezarako eta kazetarien babeserako eskubide indibidualak bermatzeko", adierazi dute.

Kazetaritza iturriak eta bestelako askatasunak zorrotz babestu behar direla gaineratu zuten adituek. Era berean, gaixoen informazio pertsonala ere babestu behar dute estatuek.

"Teknologia horren edozein erabilerak babes zorrotzenak betetzea eta giza eskubideen nazioarteko arauekin koherentea den legedi nazionalaren arabera araututa egotea gomendatzen dugu", azpimarratu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Kazetaritza Koronabirusa