Gizartea -

KORONABULOAK

Gurutzetako ospitaleak azaldu du kalitate-estandarrak betez artatzen dituela gaixoak

Era horretan, gezurtatu egin du asteazken honetan sare sozialetan zabaldu den audio bat, koronabirusaren krisiaren eraginagatik osasun-zentroan dagoen egoera larritzat jotzen duena.

Hospital de Cruces. Foto: EFE
Hospital de Cruces.
Hospital de Cruces. Foto: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak adierazi du COVID-19 gaitzak jotako gaixo guztiak artatzen dituela "Osakidetzaren jarduera-protokoloek zehaztutako kalitate-estandarren arabera, gainerako osasun-zentroek egiten duten bezala". Horrez gain, "atzeratu ezin daitezkeen ebakuntzak" egiten dituela, hala nola "kirurgia onkologikoa zein beste edozein patologiatakoak, baita premiazkoak direnak ere".

Izan ere, Bizkaiko ospitaleak ohar bat atera du asteazken honetan sare sozialetan zabaldu den audio "alarmista" bati erantzuteko asmoz, osasun-zentroan bizitzen ari diren ustezko egoeraren inguruan. "Arduragabekeria da herritarrei horrelako mezu faltsuak helaraztea", ohartarazi du aipatu oharrean.

Herritarrei "lasaitasun-mezua" helarazi ostean, ospitaleak salatu du aipatutako audioak zabaltzen duen mezua "manipulatuta" dagoela, eta "faltsukeria larriak" dituela, eta lotsagarritzat jo du audioa zabaldu duen pertsonaren jarrera.

Amaitzeko, argitaratutako oharrean jasotzen denez, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko Zuzendaritzak eta bertako profesionalek arbuiatu egiten dituzte "beldurra eta mesfidantza besterik sortzen ez duten ekintza mota horiek", eta erabat gaitzesten dute audioa sare sozialetan zabaldu duen "ustezko profesionalaren" jarrera.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Barakaldo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak Gurutzetako ospitalea Koronabirusa