Gizartea -
Koronabirusa
Ile apaindegiek etxez etxeko zerbitzua eman ahalko dute soilik alarma egoeran
Alarma egoera zabaldu dutela eta, ezingo da hondartzetara sartu eta albaitaritza klinikak ireki ahalko dituzte, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Ministroen Kontseilua egin eta gero, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur, asteartearekin, adierazi du alarma egoera deitzen duen errege-dekretua zabaldu dutela. Hala, debekatuta egongo da hondartzetarako sarbidea eta ile apaindegiek etxez etxeko zerbitzua soilik eskaini ahalko dute. Neurriak, gainera, albaitaritza klinikak irekitzeko aukera ematen du.
Larunbatean, Ministro Kontseiluaren bileraren ondoren, alarma egoera ezartzeko Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten errege-dekretuan jasota agertzen zen bezala, mugimenduak mugatzeko neurriak hainbat salbuespen ditu herritarrei etxetik banan-banan irtetea baimentzeko. Horixe bera azpimarratu du Sanchezek: etxetik bakarrik atera beharra dago, betiere “adingabeak edo urritasunen bat duten adindunak” laguntzeko ez bada.
Etxetik irten daiteke elikagaiak, botikak eta premia-premiazko gaiak erosteko eta osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko. Lantokira ere joan daiteke, lan eta enpresa jarduera edo jarduera profesionala egiteko eta bertatik ohiko etxebizitzara itzultzeko.
Beste salbuespenetako bat da adinekoei, adingabeei, dependenteei, urritasunen bat dutenei edo pertsona bereziki zaurgarriei laguntzera joatea edo finantza erakundeetara edo aseguru etxeetara bertaratzea.
Halaber, ibilgailu partikularrek bide publikoa erabil dezakete aurreko paragrafoan aipatutako egitekoak gauzatzera joan edo berorietatik itzultzeko, eta gasolindegi eta zerbitzuguneak erabiltzeko.