Gizartea -

KORONABIRUSA

Europar Batasuneko mugak itxi egingo dituzte lehen aldiz

Europakoak ez diren herrialdeen eta EBren arteko bidaia guztiak 30 egunez etengo dira.

Maskarekin babestutako hainbat bidaiari Bartzelonako aireportuan. Argazkia: EFE
Maskarekin babestutako hainbat bidaiari Bartzelonako aireportuan
Maskarekin babestutako hainbat bidaiari Bartzelonako aireportuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko liderrek, astearte honetan bideokonferentziaz egindako goi-bileran, Europako Batzordearen proposamena onartu dute; hortaz, hurrengo hilabetean, debekatuta izango da Europar Batasunean sartzea, "ezinbestekoa" ez bada, koronabirusaren hedapenari aurre egitea helburu.

Neurri hori lehen aldiz hartu dute Europar Batasuneko kideek; izan ere, orain arte, inoiz ez dute erabaki kanpo-muga ixtea.

Hala iragarri du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, Estatuburuek izandako bilera telematikoa amaituta. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan duenez, proposamenak “babes handia” jaso du; orain, neurria ezarri beharko dute.

Bruselaren asmoa da kide diren Estatuen erantzunak bateratzea, eta Schengen gunean herrialdeek mugak ixten ez jarraitzea. EBk Espainiaren eta Portugalen erabakien berri izan du; hala erabaki dute, era berean, Austriak, Txekiak, Danimarkak, Estoniak, Alemaniak, Hungariak, Lituaniak, Poloniak, Norvegiak eta Suitzak.

Europako liderrek, horrez gain, erabaki dute bertan behera uztea daorren asteko ostegunean eta ostiralean egitekoa zuten goi-bilera. Horren ordez, topaketa telematikoa egingo dute, berriro ere; Michelek ez du zehaztu zein egunetan.

Astelehen honetan bertan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europar Batasunera sartzeko bidaiak debekatzeko eskatu du, gutxienez hilabetez, "funtsezkoak" ez direnak, koronabirusa hedatzea geldiarazteko; izan ere, dagoeneko 40.000 pertsona kutsatu ditu Europar Batasunean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa