Gizartea -
Krisi humanitarioa
Turkia eta Grezia arteko mugan premiazko neurriak hartzea eskatu du Jaurlaritzak
"Asiloaren eta giza eskubideen arloko nazioarteko betebeharrak bete" eta krisi humanitario berriari "erantzun azkarra eta premiazkoa" ematea eskatu du Jonan Fernandezek.
eitb.eus
Turkia eta Grezia arteko mugan migratzaileen aurka egiten ari den "botere-abusua" arbuiatu du Eusko Jaurlaritzak, eta, aldi berean, gaitzetsi egin ditu inguruan lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeetako kazetari eta boluntarioen aurkako "tindu faxista edo xenofoboaren erasoak". Ildo horretatik, "babes, aitorpen eta elkartasun osoa" adierazi die bertan lanean ari direnei, bereziki Zaporeko lagunei, erasoa jasan zutenetik Jaurlaritza elkarte horretako kideekin hitz egiten ari baita.
Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako Idazkari Nagusiak agerraldia egin du gaur goizean Lehendakaritzan, egoera hori salatzeko eta Greziari eta Turkiari eta Europako erakundeei "asiloaren eta giza eskubideen arloko nazioarteko betebeharrak bete" eta krisi humanitario berriari "erantzun azkarra eta premiazkoa" emateko eskatzeko.
Gogora ekarri duenez, "azken egunotan injustizia eta gizatasun ezaren irudiak ikusten ari dira berriro Evros ibaian eta haren bi ertzetan, Turkia eta Grezia arteko mugan".
Bere iritziz, "krisi humanitario berri baten aurrean gaude", muga zeharkatzera bultzatzen dituen herrialde baten eta indarrez eragozten saiatzen den beste baten artean harrapatuta dauden milaka errefuxiaturi eragiten diena.
Jonan Fernandezek, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Share Proposamena eskaini du berriz ere, eta erantzunkidetasunaren printzipioa premiaz artikulatzeko mekanismo baliagarri gisa duen birtualtasuna berretsi du.
Proposamen horrek, errefuxiatuak edo arrisku egoeran dauden migratzaileak lurraldeen artean banatzea proposatzen du, hiru parametrotan oinarrituta: aberastasuna (diru-sarrerak, errenta erdi erabilgarria edo BPG), % 50eko pisuarekin; biztanleria,% 30eko intzidentziarekin; eta langabezia-indizea,% 20rekin.
Azkenik,"EBri eta estatuko gobernuei errefuxiatuen krisi humanitario berri honen aurrean erantzun azkar eta presazkoa eskaintzeko konpromisoa" eskatu du. Hori guztia, "elkartasunaren, erantzukizunaren eta legezkotasunaren printzipioagatik. Europaren izatea ordezkatzen duten hiru printzipio. Giza eskubideen babesa aurrebaldintza bat da, beste balioen defentsaren aurrean lehentasuna duena" gaineratu du.