Gizartea -
Gaixotasuna
Valentzian baieztatu dute Espainiako Estatuko lehenengo heriotza koronabirusagatik
Ustez argitu gabeko pneumonia batengatik hil zen gaixo baten kasua da. Bigarren azterketa egin zioten, eta orduan baieztatu zuten gaitzak jota hil zela otsailaren 13an.
agentziak | erredakzioa
Valentziako Osasun Kontseilaritzak baieztatu du gaixo bat koronabirusak jota hil zela aurreko otsailaren 13an, baina orain jakin ahal izan dutela, bigarren azterketan.
Ana Barcelo Osasun kontseilariak prentsaurrekoa eman du Vilanovako Arnau ospitalean ustez jatorri ezezaguneko pneumonia batekin hil zen gaixoak azkenean koronabirusa zuela jakinarazteko.
Azaldu duenez, Osasun Ministerioak otsailaren 27an aldatu zuen kasuak zehazteko irizpidea, eta aldaketa horrengatik egindako bigarren azterketan atzeman dute birusa.
Kontseilariak esan du nekropsia bat egin diotela gaixoari, eta positibo eman ostean, "egoera baloratzeko prozesua" jarri dela martxan.
Hala ere, heriotzaren data kontuan izanda, inkubazio epea pasatu dela eta hildakoa ez zela "gaztea" eta Nepalen egona zela azpimarratu du.
Barcelok esan du aurrerantzean ez dela "aholkua" izango baizik eta "agindua" kirol ekitaldi jendetsuak ateak itxita egitea, kirol taldeen jatorria koronabirusak jotako eremuetan badago. Izan ere, horixe gertatzen da Valentzia hirian, bertako futbol eta saskibaloi talde nagusiek Bergamoko eta Milango taldeen aurkako partidak baitituzte egunotan.