Gizartea -
Grezia
Talde "faxista" batek Zaporeak erakundeko kideei eraso egin die Lesbos uhartean
"Ukabilkadak, kolpeak, astinduak eta izua" bizi izan dute "faxista" talde baten eskutik, azken horiek, manifestazio bat aurrera zeramaten bitartean, salatu dutenez.
eitb.eus
Janari banaketatik bueltan, Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeko kideei eraso egin die "faxista" talde batek Mitilinitik (Lesbos uhartea, Grezia) gertu, erakundeak berak ohar batean jakitera eman duenez. "Lesio fisiko nahiz psikologikoak" pairatu dituzte.
"Ukabilkadak, kolpeak, astinduak eta izua" bizi izan dute "faxista" talde baten eskutik, azken horiek, manifestazio bat aurrera zeramaten bitartean, salatu dutenez.
Garraiorako erabiltzen ari ziren furgoneta zein autoa "txikituta" geratu dira, erantsi dutenez. Horrez gain, auto barruan zihoazen pertsonak, horien arten errefuxiatuak, "beste behin gorroto eta mendeku" gertakari baten lekukoak izan dira.
"Zaporeakek, proiektu eta GKE moduan, ez du zerikusirik pertsona errefuxiatuek bizi duten egoerarekin, ezta eta tokiko biztanleek bizi dutenean ere, hala ere, erdi erdian harrapatu gaitu", azpimarratu dute.
Oraintxe bertan, Zaporeakeko kideak "salbu" dira eta gertaturikoa salatu dute polizia-etxean. Bestetik, biharko janari banaketa "ezbaian geratzen da oraingoz", erantsi dutenez.
Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearen, Aita Mari erreskate ontziko jabearen, elkartasuna jaso du Zaporeakek. Zentzu horretan, biktimei babesa adierazi die, eta "jatorria axola gabe, lagun hurkoari laguntzeko" Egeon daudenen aurkako "gorroto adierazpenak" gaitzetsi ditu.
Kazetariei eta boluntarioei eraso egin diete
Inguruan bildu diren hainbat herritar motorra matxuratuta zuen ontzia lehorreratzea eragozten saiatu dira, eta migratzaileei laguntzeko erakundeetako boluntarioei eta kazetariei eraso egin diete.
"Mugak itxita! Zergatik zatozte? Itzul zaitezte Turkiara!" eta "gera zaitezte txalupan edo arratoiak bezala korrika egin beharko duzue!", izan dira ultraeskuindarrek txalupan zeuden gizon, emakume eta haurren aurka jaurti dituzten oihuetako batzuk.
Halaber, Michael Trammer kazetari alemaniarrari eraso egin diote, inguruan gertatzen ari zena grabatzen ari zelako, eta bere bideokamera itsasora bota dute. Ildo horretatik, agintarien axolagabekeria salatu du kazetariak.
"Lesbosko Thermi portuan laguntza behar zuen errefuxiatu ontzi bat bultzatzen saiatu diren faxistek eraso egin didate. Ondo nago, ez kezkatu. Errefuxiatuek ontzian eserita jarraitzen dute. Ur botilak jaurti dizkiete", esan du Trammerrek Twitter bidez abaldutako mezu batean.
"Nire kamerak uretara bota dituzte, eraso egin didate eta ostikoak eman dizkidate. Ez da poliziarik agertu, eta beste bizilagun batzuek lagundu naute", gaineratu du.
"Jatorria alde batera utzita, laguntza behar duten pertsonen aurkako gorroto-adierazpen horiek" salatu ditu Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak, eta "Europarako doazen migratzaileen arazoa helburu politikoak lortzeko presio neurri gisa" erabiltzea aurpegiratu dio Turkiari.