Gizartea -

Talde kriminala

Bost atxilotu emakumezkoen salerosketa sare baten aurkako operazio batean

Horrez gain, zazpi emakume askatu dituzte. Emakumeak Nikaraguan harrapatzen zituzten, etxeko langile gisa lan duina eskainiz. Bilbora eramaten zituzten, Sevillan ostatua eman aurretik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak emakumezkoen salerosketaz arduratzen zen talde kriminal bateko bost kide atxilotu ditu. Espainiako eta Nikaraguako herritarrek osatzen zuten sare hori. Horrez gain, agenteek zazpi emakume askatu dituzte.

Emakumeak Nikaraguan harrapatzen zituzten, etxeko langile gisa lan duina eskainiz.

Horretarako, hegazkin-txartel bat erosten zieten Parisera, eta handik Bilbora eramaten zituzten. Ildo horretatik, muga gurutzatzeko behar zuten dirua eskudirutan ematen zieten, herrialdera turista gisa sartzen zirela bermatzeko. Alabaina, emakumeek gaizkileek utzitako kopuru guztia itzuli behar zuten Bizkaiko hiriburura iristean.

Gainera, kontratu baten moduko “hitzarmen bat” sinatzera behartzen zituzten Nikaraguan, eta. horren arabera, gaizkile talde horretako arduradunak biktimen etxebizitzekin geratzen ziren, baita haien gurasoenekin ere, hartutako zorra kitatzen ez bazuten.

Hala, Espainian lurreratu bezain laster, zorra 7.000 eurotik gorakoa zela jakinarazten zieten, eta, kopuru hori, etxeak galtzeko mehatxupean onartu behar zuten.

Bizkaitik, emakumeak Sevillara eramaten zituzten gaizkileek,  eta Hiru Mila Etxebizitzak auzoko etxeetan hartzen zuten ostatu. Etxe bakoitzean, gehienez hamabost emakume bizi ahal ziren, eta hilero ehun euro ordaindu behar zituzten alokairu gisa, lana lortu arte.

Espainiako Poliziak azaldu duenez, beste gauza batzuengatik ere kobratzen zieten biktimei: ohea alokatzeagatik, Interneteko webgune batzuetan doako iragarkiak jartzeagatik (debekatuta zuten haien kabuz jartzea), gaizkileek hitzartutako lan-elkarrizketa batera aurkezteagatik, eta egiten zituzten joan-etorri guztiengatik, lekualdaketak haien kabuz egitea debekatzen baitzieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Paris Delituak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nikaragua