Gizartea -
Klima-aldaketa
Groenlandia gero eta azkarrago urtzen ari da
Horrela jarraituz gero, itsasoaren maila 60 zentimetroraino haziko da 2100. urterako, eta 360 milioi pertsona arriskuan egongo dira uholdeen ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Groenlandia 1990eko hamarkadan baino zazpi aldiz azkarrago urtzen ari dela eta horrek itsasoaren mailak gora egitea ekarriko duela ohartarazi du Leedsko Unibertsitateak egindako ikerketa batek.
Ikerketan nazioarteko ehun bat zientzialarik hartu dute parte eta 26 azterketa egin dituzte txostena osatzeko, desizozteak 1992 eta 2018. urteen artean izan duen bilakaera zehazte aldera.
Halaber, ikerketa gauzatzeko, satelite bidezko hamaika misio egin dituzte, besteak beste, izotzezko geruzaren bolumena eta fluxua zein den jakiteko.
Nature aldizkariak gaur argitaratu duenez, 1992tik 3,8 bilioi tona izotz galdu ditu Groenlandiak, eta horrek itsas maila 10,6 milimetro haztea eragin dezake.
1990etik 33.000 tona izotz urtu dira urtero, baina azken hamarkadan 254.000 milioi tona urtu dira urtez urte; hau da, duela hiru hamarkada baino zazpi aldiz gehiago.
Gainera, 2019ko datuak ez daude datu horien artean. Beraz, eta udan izan den urtze orokorra kontuan hartuta, litekeena da errekor berri bat erregistratzea aurten.
Klima-aldaketaren aurkako gobernuen arteko aditu taldeak 2013an egin zuen aurreikuspenaren arabera, 2100. urtean itsas mailak 60 zentimetroko gorakada izango du eta 360 milioi lagun arriskuan egongo dira uholdeen ondorioz.
Andrew Shepherd Leedsko Unibertsitateko irakasleak zuzendu du aipatu ikerketa, eta, horren esanetan, "itsas mailak gora egiten duen zentimetro bakoitzeko, kostaldean bizi diren sei milioi lagun arriskuan daude munduan".