Gizartea -
Mediterraneoa
'Ocean Viking' ontziaren 213 migratzaileak Sizilian lehorreratu dira
'Open Arms'en zihoazen 73 migratzaileetatik hamaika Italiara eraman dituzte; ontzi horretan geratzen diren gainerako 62ek eta 'Aita Mari'ko 78ek, aldiz, portu seguru baten zain jarraitzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeen Ocean Viking ontzi humanitarioak salbatutako 213 migratzaileak Messinako portuan lehorreratu dira, Sizilian, Italiako hegoaldean. Halaber, Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen ontziak erreskatatutako 73 lagunetatik hamaika Italiara eraman dituzte igande honetan (Augusta italiar herriko kostaldearen aurrean dago itsasontzia). Open Armsen, hortaz, 62 migratzaile daude oraindik, "egoera kritikoan", portu seguru baten zain, eta egoera horretan bertan dira Aita Mari ontzian jarraitzen duten 78 migratzaileak.
"Ocean Vikingek baimena jaso du Messinan lehorreratzeko, Sizilian, ontzian jarraitzen duten 213 lagunak. Baldintza meteorologikoek okerrera egiten jarraitzen dute", zabaldu du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak sare sozialetan; halaber, adierazi du espero duela Open Armsen eta Aita Marin dauden pertsonek ere berehala izatea aukera lehorreratzeko.
Azaroaren 19an eta 20an, Ocean Vikingek 125 lagun erreskatatu zituen, salbamendu-operazio batzuetan, eta ostegunean beste 90 salbatu zituen nazioarteko uretan, Libiako kostaldetatik 82 itsas miliara (handik 152 kilometrora).
Azaroaren 22an, haurdun zegoen emakume bat (bikiak erditzekoa da) eta bala-zauriak zituen gizon bat Maltara eraman zituzten, osasun-arrazoiengatik.
Italiako Itsasaldeko Guardiak, larunbatean, jakinarazi zuen ikusia zuela "arazoak zituen ontzi txiki bat, kostaldetik milia batera baino gutxiagora", Lampedusan, Italiako hegoaldean; handik gutxira, hondoratu zen. Kostazainek 143 lagun erreskatatu zituzten, eta uhartera eraman, eta gerora bizirik irtendako lagun gehiago ote zeuden begiratu zuten. Open Armsek zehaztu zuenez, salbatutakoek baieztatu zuten "20 lagun" desagertuta zeudela.
Open Armseko hamaika migratzaile lehorreratu dira
Hain zuzen ere, gobernuz kanpoko erakunde horrek, Open Armsek, jakinarazi du bere ontzian zihoazen 73 migratzaileetatik hamaika Italian lehorreratzekoak direla: "Umeak eta horien familiak, erredurak dituztenak eta osasun-arazo batzuk dituzten hainbat Italiara bidean daude", zehaztu du Twitterren. Ondorioz, une honetan, portu seguru batean lehorreratzeko baimenaren zain jarraitzen du ontziak, daramatzan 62 migratzaileak lehorreratzea xede.
Open Armsek asteazkenetik ostegunerako goizaldean salbatu zituen 73 lagun horiek; hondoratze-arriskuan eta jitoan zegoen ontzi batean zeuden. Besteak beste, lau emakume zeuden, bai eta hiru eta lau urteko umeak ere, eta bakarrean zeuden 24 adingabe. Open Armsek dioenez, behin eta berriz eskatu du portu seguru bat, lehorreratzeko, baina agintariek ez dute baimenik eman.
Riccardo Gattik, alegia, Open Armsen mandatuaren buruak, ziurtatu du ohar batean egoera "kritikoa" dela ontzian, salbatutakoen osasun-egoeragatik eta denborale bortitzaren ondorioz.
Bitartean, Aita Mari Siziliatik gertu dago, ekaitz bati aurre egiteko asmoarekin; ontzian dauden 78 migratzaileak lehorreratzeko portu seguru baten zain dago Aita Mari, eta ontziaren arduradunek ohartarazi dute egoera "oso korapilatsua" dela. Eskaera egin die Europako agintariei, "erantzuna eman dezaten".
Bestalde, bost emakumeren gorpuak aurkitu dituzte Lampedusa inguruan. Italiako Itsas Agintaritzak atzo bertan hondoratu zen ontzi bateko pertsonak erreskatatu zituen, hasiera batean uste zuten guztiak erreskatatu zituztela, baina ontzian zeudenek argitu dute 20 bat galduta daudela. Horietatik bost, esan bezala, hilda aurkitu dituzte.