Gizartea -
Genero indarkeria
Osakidetzak indarkeria matxistaren 944 kasu antzeman zituen iaz
Halaber, eraso matxistengatik emakumeek jarritako 4.000 salaketa baino gehiago erregistratu zituen iaz Ertzaintzak. Horren aurrean, profesionalentzako gida bat landu du Jaurlaritzak.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzako langileek indarkeria matxistaren biktima izan diren 944 kasu antzeman zituzten iaz, 2017an baino % 10 gehiago.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea Legebiltzarreko batzordean agertu dira, azken ekitaldian 2013-2020 Osasun Planaren betearazpenaren ebaluazioa aurkezteko.
Osakidetzaren jarduerari buruzko txostenak urte horretan jasotako aurrerapen nagusien artean, nabarmentzekoak dira arlo hauetan izandakoak: bularreko eta koloneko minbiziaren baheketa, minari heltzea, aurretiazko borondateen adierazpena bultzatzea eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematea.
Azken gai horri dagokionez, sailburuordeak jakinarazi du lehen mailako arretako kontsultetan eta ospitaleetako larrialdietan genero-indarkeriaren biktimen 944 kasu antzeman zituztela. Gainera, eraso matxistengatik emakumeek jarritako 4.000 salaketa baino gehiago erregistratu zituen iaz Ertzaintzak.
Berraondoren hitzetan, Osakidetzak eta Osasun Sailak hainbat diziplinatatik ekarpenak egiten dituzten profesionalentzako gida bat landu dute arazo horri aurre egiteko, eta osasun arloko profesional guztiek horren inguruan "prestatzeko beharrarekin bat egiten dute", gaineratu du.