Gizartea -

Apustu-etxeak

Urtebetean apustu-etxeak irekitzeko baimenik ez ematea erabaki du Iruñeko Udalak

Arrazoi sozialak eta administratiboak kontuan hartuta erabaki du Udalak apustu-etxeei, jokorako aretoei eta bingoei establezimenduak irekitzeko baimenik ez ematea.  

Karta-jokoan. Argazkia: pixabay.com
Karta-jokoan.
Karta-jokoan. Argazkia: pixabay.com

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udal Gobernuak apustu-etxeak, jokorako aretoak eta bingoak irekitzeko baimenik ez ematea erabaki du. Aldi baterako neurria da eta urtebetez egongo da indarrean.

Halaber, establezimendu horien inguruko ikerketa bat abiaraztea adostu du, hirigintza araudia aldatu ala ez erabakitzeko.  

Udalak ohar batean azaldu duenez, arrazoi sozialak eta administratiboak kontuan izanda hartu dute erabaki hori.

Alde batetik, "horrelako lokalen ugaritzeak eta jokoarekiko menpekotasunak gizartean eragin duen alarmari erantzuteko", eta bestetik, "establezimendu horientzako araudi berri bat ezarri behar delako".  

Bestalde, joan den urriaren 30ean, Nafarroako Gobernuak lokal horiek irekitzeko baimenak sei hilabetez ez ematea erabaki zuen, araudian hainbat aldaketa egiteko asmoz.

Foru Gobernuaren erabaki horrek ere eragin zuzena izan du Udalak hartu berri duen neurrian; izan ere, lotuta dauden eskumenak dituzte biek: Gobernuari jarduera baimentzea dagokio, eta udalek obrarako eta lokala irekitzeko baimena ematen dute.

Udalak uste du ezinbestekoa dela Nafarroako Gobernuak zer egingo duen jakitea, herrietan araudi berriaren araberako egokitzapenak egiteko eta bi erakundeak gai honetan koordinatuta aritzeko.    

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala