Gizartea -
Intimitatearen aurkako delitua
Nafarroako Auzitegia La Manadaren grabazioak aztertzen ari da
Lurralde Auzitegiko Bigarren Atalak intimitatearen aurkako deliturik dagoen ala ez erabaki beharko du.
eitb.eus
Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak 2016ko San Fermin jaietako talde bortxaketagatik zigortutako bost lagunei egotzitako intimitatearen aurkako delitua aztertzen ari da une honetan, pribatuan.
2018ko apirilean, Auzitegiak absolbitu egin zituen delitu horretatik, epaiketan aurkeztutako frogak baloratu gabe. Erabaki hori, baina, baliogabetu egin zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak, eta Auzitegiari delitu horri buruzko epaia emateko agindu zion.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, eztabaida pribatua izango da, eta, ondoren, Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Ataleko hiru magistratuek epaia emango dute, soilik talde bortxaketagatik zigortutako bost lagunetatik bik egindako grabazioei dagokienez.
Joan den ekainean, Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Salak aintzat hartu zituen akusazioen helegiteak, eta akusatu bakoitzari 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zion bortxaketa-delitu jarraitu bat egotzita.
Horrenbestez, astearte honetan erabaki beharko du Bigarren Atalak intimitatearen aurkako deliturik dagoen ala ez.