Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Irantzu Varela ekintzaile feministaren aurkako pintaketak egin dituzte bere lantokian
Emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile ezagunak salatu du bere aurkako eta "sexu askatasunaren" kontrako "mehatxu argia" dela.
eitb.eus
Irantzu Varela ekintzaile feministak salatu du mehatxu pintaketak egin dizkiotela bere lantokian eta duela gutxi arte bizi zen lekutik gertu.
"Irantzu Varela sóplame la vela" idatzi dute Pikara Magazinearen lokalaren parean, Varelak lan egiten duen lekuaren parean, eta Faktoria Lilak lehen zuen lokalaren ondoan, Bilboko San Frantzisko auzoan.
Emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak eitb.eus-i jakinarazi dionez, bere aurka "izen-abizenarekin" egin duten lehen pintaketa da, eta "kezkagarria" da. Beste batzuetan lantokiaren inguruan pintaketa iraingarriak egin dituztela argitu du.
Varelak aitortu sare sozialetan askotan mehatxatzen eta iraintzen dutela, baina gaurkoa "jauzi kualitatiboa" dela, "nire kalean" egindako pintaketa bat delako. Kazetariak uste du "mehatxu argia" dela, "sexu askatasunaren aurkako erasoa", eta "abisu bat": “Esan nahi dute badakitela non nagoen eta non lan egiten dudan”.
Varelak argi du pintaketaren egilearen helburua "ikaratzea" dela, "haiek (gizonek) agintzen dutela" erakustea, baina Twitterren jada aurreratu du berekin "jai" dutela. Ekintzaileak abokatuarekin batera aztertuko du gertakariaren aurrean salaketa jarri ala ez.
-----------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.