Gizartea -
Greba
Metalgintzako langileek Ezkerraldeko kaleak zeharkatu dituzte laugarren greba-egunean
Barakaldotik A-8 autobiderako sarbidea eta Arrontegiko sarrera-irteera nagusiak aldizka itxita izan dira, eta errepidean ohikoak baino auto-ilara luzeagoak sortu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko metalgintzako langileek Barakaldoko kaleak zeharkatu dituzte ostegun honetan, aste honetan deitutako laugarren greba-egunean, "lan-hitzarmen duina", soldatak eguneratzea eta prekarietatea amaitzea eskatzeko.
Bizkaiko metalgintzako 300 bat langilek A-8 autobideko sarbideak moztu dituzte ostegun goizean Barakaldon, eta manifestazioa egin dute BECeko biribilgunetik autobideko sarbideraino. Bidean, beharginek lan-baldintza hobeak aldarrikatu dituzte, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren aurkako oihuak entzun dira.
Goizean auto-ilara luzeak sortu dira Barakaldo inguruan. Testuinguru horretan, Barakaldotik A-8 autobiderako sarrera eta Arrontegiko sarrera-irteera nagusiak (udalerrira zein autobidera sartzekoak) aldizka itxita izan dira, 07:00etatik 10:00etara.
Jaurlaritzaren eta patronalaren "urduritasuna"
Sindikatuek salatu dute Jaurlaritza eta patronala "urduri" daudela, eta horregatik "desbideratzen" dutela "nahita" mobilizazioen arretagunea istiluetara, baina ohartarazi dute kalean jarraituko dutela "lan-hitzarmen duina" lortu arte.
Milaka langilek egin dute manifestazioa Basaurin eta Sestaotik Santurtzira Bizkaiko metalaren sektoreko grebaren laugarren egunean. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, 50.000 langile daude protestetan parte hartzera deituta sektorerako lan-hitzarmen hobe baten alde.
Deiane Arrieta ELAko ordezkariak Sestaoko manifestazioa hasi aurretik hedabideei adierazi dienez, "jarraipena oso jendetsua" izaten ari da mobilizazioetan, eta horrek agerian uzten du "langileen haserrea" eta "patronalaren zentzugabekeria".
Grebak patronalari, enpresei eta Eusko Jaurlaritzari ez zaizkiela gustatzen aipatu ostean, azpimarratu du langileei ere ez zaizkiela gustatzen "lantokian egunero sufritzen dugun lan indarkeria" eta duintasunik ez duten lan-baldintzak. Horregatik, "ikuspuntua beste gai batzuetan jartzea arretagunea nahita desbideratzea" dela iritzi dio.
LABeko Iratxe Azkuek, bere aldetik, esan du sindikatuek gero eta "urduritasun handiagoa" ikusten dutela Jaurlaritzan eta patronalean, Bizkaiko metalaren sektoreko langileen grebaren "arrazoia eta benetako eztabaida desbideratzen saiatzen" ari direlako.
Azkuek esan du gaurkoan ere % 85 inguruko jarraipena izan duela grebak, eta kalera ateratzeko "benetako arrazoia lan-baldintza duinak nahi izatea" dela.
"ETTak nahieran ez aritzea nahi dugu, subrogazioa nahi dugu, soldata igoera duina nahi dugu, sektoreko gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, eta bizirik iritsi nahi dugu etxera. Hori da benetako eztabaida, eta ez da besterik, arreta desbideratzen saiatzen ari diren arren", azaldu du.
Aburtoren aurkako hitzak
Bestalde, Mikel Etxebarria ELAren ordezkariak Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen aurka jo du, eta esan du, lehendakari bezala, "patronalarekin eta botere ekonomikoarekin zoriontsuago" dagoela "langile klasearekin baino". Izan ere, Aburtok esan zuen ez zuela "oso argi" alde guztiek akordiorako borondatea dutenik.
Etxebarriaren ustez, "normala da Aburtok hori esatea zeren, lehendakaria bezalaxe, aldeetako batekin gusturago dago", eta horrek "erabateko desoreka" sortzen du, "ez dutelako inolako iteresik Bizkaiko Metaleko langileen beharrekin".
Pikete batzuen indarkeria kasuak ere izan ditu hizpide Etxebarriak, eta ukatu egin du sindikatuek indarkeria erabiltzen dutela.
"Ukatu egiten dugu argi eta argi. Zerbait gertatu bada, guztiz isolatua izan da", adierazi du. Horren harira, gertatzen dena honakoa dela esan du: "Informazio-piketeak enpresetara joaten dira eta langileak gustura ateratzen dira, eskertu egiten dute piketaria bertaratzea, zeren babes hori gabe, badaude langileak greba eskubidea gauzatu ezin dutenak, hurrengo egunean ondorioak pairatuko dituztelako".
Azpiazuk indarkeria eta irainak errefusatu ditu
Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak errefusatu egin ditu langileek mobilizazioetan lehendakariaren aurka oihukatutako irainak, eta gaitzetsi egin ditu "indarkeriazko ekintzak", ez dutelako gatazkaren konponbidera eramaten.
Azpiazuk, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, negoziazioari berriro ekitea eta gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzea eskatu du.
Edukiontziak erreta
Bizkaiko suhiltzaileek "10-12" edukiontzitan piztutako sua itzali dute Portugaleten eta Santurtzin, manifestariek Sestaotik Santurtzira egin duten protestaren baitan.
Uriosteko parkeko hiru suhiltzaile kamioi aritu dira lan horretan.
EH Bilduk patronalaren alde egitea leporatu dio Urkulluri
Oskar Matute EH Bilduren diputatuak "patronalaren alde" jokatzea eta metaleko langileen eskaerei jaramonik ez egitea leporatu die lehendakariari eta Jaurlaritzari.
Langileei babesa helaraztera joan da Matute Sestaoko manifestaziora, eta azpimarratu du metaleko 50.000 langileek duela 8 urtetik ikusten dutela "lan-baldintzak okertzen" ari zaizkiela "enpresen etekinak handitzen diren bitartean".
Salatu duenez, "euskal oasiaz hitz egiten duen lehendakariak entzungor egiten die 50.000 pertsonaren, 50.000 familiaren, eskaerei, lan-baldintza duinak soilik eskatzen dituzten arren".
Eragozpenak errepidean
Goizean goiz, grebalariak N-637 errepidera sartu dira, zirkulazioa bi noranzkoetan mozteko asmoz, baina Ertzaintzak sakabanatu egin ditu, protesta hori baimendu gabe zegoelako.
Errepide-itxiera horiek auto-ilara luzeak eragin dituzte Arrontegiko zubian, Artatzako errepidean (BI-737), Leioatik Barakaldora bidean, eta A-8an, Bilborako bidean.
Euskal errepide sareko gune horietan, auto-ilarak ohikoak izaten dira, baina langileen protestek zirkulazioa zaildu dute eta ohikoak baino auto-ilara luzeagoak eragin dituzte.
Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, N-637 errepidean, Gurutzetara bidean, Arrontegiko zubitik Barakaldorako sarrera itxita egon da, eta horrek auto-ilarak sortu ditu lehen orduan. Galdakaorako bidean ere Barakaldoko irteera itxi dute.
Hori dela eta, Barakaldoko Udalak aipatu ordutegian kale hauek saihesteko gomendatu die gidariei: Landeta eta Euskadi Etorbidea, autobidera sartzeko; Lutxanako Artzain Onaren kalea, Arrontegira sartzeko; eta Gurutzetan autobiderako sarbidea, Lutxana eta Arrontegi aldera joatekoa.
"Barakaldotik irteteko edo bertara sartzeko" beste bide batzuk edo metroa edo Renferen Aldirietako trenak erabiltzeko aholkatu die gidariei, ohar baten bidez, Angel Madrazo Herritarren Segurtasuneko zinegotziak.
Udalak esan duenez, manifestariek ibilaldia egingo dute, hainbat aldiz, 07:00etatik 10:00etara, honako tokietatik: Ansioko metro-geltokia, BECeko biribilgunea, Resurreccion Maria Azkue ingurabidea, Florida kalea, Landaburu kalea, Landeta kalea, BECeko biribilgunea eta Artzain Ona kalea.
Atzo goizean kaosa izan zen nagusi Bilboko zirkulazioan, San Mameseko sarrera-irteerak bi orduz itxita izan ondoren.