Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote Alonso Belza abokatuari

Bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik zigortu dute. Belza emakumeen aurkako indarkerian aditu da. Horregatik, "zigorrik handiena merezi duela" uste du epaileak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote Miguel Alonso Belza abokatu donostiarrari bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik. Belza emakumeen aurkako indarkerian aditua da, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Gipuzkoako ofiziozko txandako abokatua, eta, Nagore Laffageren, 2008ko sanferminetan indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimaren, familiako abokatua izandakoa.

Donostiako Zigor Arloko 2. zenbakiko Epaitegiak erabateko sinesgarritasuna eman dio emakumeak aurkeztutako salaketari, EFE albiste-agentziak jakin ahal izan duenez.  2016an harreman sentimentalari amaiera jartzea erabaki zuen emakumeak eta horrezkero eraso fisiko anitz jaso zituela salatu du biktimak.

Epaileak zortzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio bortxa delitu arinengatik; 16 hilabete, ohiko tratu txarrak emateagatik; lau urte eta sei hilabete, ezohiko tratu txarren sei deliturengatik eta sei hilabete gehiago lesio delituengatik. Abokatuak espetxe-zigorra bete beharko du, defentsak eskatutako ordezko zigorren errekurtsoa gaitzetsi egin baitu epaileak.

Alonso Belza "emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin dion abokatu ospetsua dela eta azken urteetan oso jarrera aktiboa izan duela" azpimarratzen du epaiak. Horrenbestez, "Jeckyll eta Mr. Hyde doktore baten aurrean ote gauden aztertzera behartzen gaitu; izan ere, Belza jaunak indarkeria matxista jasandako emakumeak zorroztasunez eta arreta handiz defendatzen zituen, baina toga eskegitzean tratu txarren eragilea bihurtzen zen", dio epaiak. Hori dela eta, abokatuak "zigorrik handiena merezi duela" esan du, emakumeen aurkako indarkerian aditua izanik, "uneoro bere jarreraren zilegitasunaren jabe izan baitzen".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak