Gizartea -

Italia

'Open Arms'ek hainbat pertsona ebakuatu ditu jada osasun arazoengatik

Lampedusa aurrean jarraitzen du ontziak, porturatzeko aginduaren zain. Sei estatu prest agertu dira migratzaileetako batzuk hartzeko.

Open Arms, Italiako kostatik gertu. Argazkia: EFE
Open Arms, Italiako kostatik gertu.
Hainbat pertsona Open Armsetik atera dituzte, osasun arrazoiengatik

1:29

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Open Arms ontzian zeuden 18 pertsona premiaz lurreratzea onartu du Italiak, batzuek osasun arazoak zituztelako eta beste batzuk haiekin batera zihoazelako. Hasieran, gobernuz kanpoko erakundeak bost migratzaile ebakuatu zituen "larrialdi egoeran", arrazoi psikologikoak zituztela; beste bederatzi ebakuatu zituzten gero, eta, ostegunetik ostiraleko gauean, lau gehiago eraman dituzte.

Ontzian geratzen diren migratzaile guztien ebakuazioa eskatu du Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak (GKE), arrazoi psikologikoak argudiatuta.

GKE horrek azaldu duenez, Italiako kostazainak eta medikuak ontzian sartu dira, dokumentazio guztia eta txosten medikoak aztertzeko.

Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen izen bereko ontziak Italiako uretan bota zuen aingura atzo, Italiako Justiziak Matteo Salvini Barne ministroak sinatu zuen debekua indargabetu ostean.

"Agintarien baimena jaso du Italiako uretan aingura botatzeko. Salviniren agindua bertan behera gelditu da, beste agindu bat emango duela mehatxatu arren", adierazi du Open Armsek goizaldean.

Orain, ontzia porturatzeko baimenaren zain daude, migranteak lehorreratzeko. "Gau luzea izan da, baina amaiera gertuago dugu", esan dute.

Hala ere, Open Arms ontzia Italiako uretan sartzeko "beste debeku bat" sinatu duela ohartarazi zuen Salvinik Twitter bidez. Horren arabera, "bakarrik gaude debekua ezartzeko nahian. GKEen, auzitegien, Europaren eta beldurtutako ministroen aurka gaude. Alderdi Demokratikoa gobernuan egonda, migrazioa masiboa izango da", esan zuen.

Auzitegiak ebatzi duenez, ontzia "zailtasun handiko egoeran" dago, eta bertan dauden pertsonek "premiazko laguntza behar dute". Dena dela, Salvinik erantzun du ondorengo orduetan beste ezezko bat sinatuko duela, ontziak ez dezan aukerarik izan Lampedusan atrakatzeko (oraingoz, ez diote lehorreratzeko porturik eman).

Horrenbestez, Italiako Justiziak Matteo Salvini Barne ministroak sinatutako debekua indargabetu zuen, eta, hortaz, Open Arms GKEaren ontzia italiar uretan sartu da.

Sei estatuk Open Arms ontziko migranteen zati bat hartuko du

Espainia, Frantzia, Alemania, Portugal, Luxenburgo eta Errumania Italiako agintariekin harremanetan jarri dira migranteak eta errefuxiatuak hartzeko.

Espainia ontzian dauden 147 migranteen banaketa "orekatu" batean parte hartzeko prest dagoela esan dute Espainiako Gobernuko iturriek ostegun honetan.

Ildo horretan, egoerari irtenbide "komun, europarra, antolatua eta solidarioa" emateko, Europako Batzordearekin eta EBko beste hainbat herrirekin elkarlanean ari dela azaldu du, iturri beraren arabera.

Irtenbidea adosteko gai izatea espero du Sanchezen Gobernuak, eta Espainia migranteen kopuru "orekatua" hartzeko prest dagoela jakinarazi die Europako Batzordeari eta Italiako Gobernuari zein operazio honetan konprometitutako herriei.

Iturri beraren arabera, Europar Batasunak migrazioaren auziari aurre egin behar dio kolaborazio mekanismoak indartuta eta EBko herri guztien partaidetzarekin, "ez baita itsasertzeko herrien arazoa soilik, guztiei eragiten baitie, eta, hortaz, irtenbidea talde gisa eman behar zaio".

Bestalde, Matteo Salvinik Giuseppe Conte Italiako lehen ministroaren hitzak kritikatu ditu. Salviniren esanetan, jokabide "irmoa" izatea eta Italiako portuak itxita mantentzea erabaki du, eta Europar Batasunak horregatik erantzun duela esan du.

Contek agiri publikoa zabaldu du ostegun honetan migrazio politiken harira Salvinik izandako jokabide "desleiala" salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Migrazioa Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak gaur Errefuxiatuak azken ordukoa Eskubide unibertsalak Gobernuz Kanpoko Erakundeak