Gizartea -

Kontzertua, bertan behera

Bilboko Udala: 'C. Tanganaren letrek emakumeak iraintzen dituzte'

Udala adierazpen askatasunaren alde dagoela azaldu du, baina rap kantaria kontratatzea "ez zen aproposa", gaineratu du.

C. Tangana 2019ko Goya sarietan. Argazkia: Pedro J Pacheco
C. Tangana 2019ko Goya sarietan
C. Tanganaren kontzertua bertan behera uzteko arrazoiak azaldu ditu Bilboko Udalak

1:08

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak C. Tangana rap abeslariak Aste Nagusian eman behar zuen kontzertua bertan behera uzteko arrazoiak azaldu ditu astearte honetan. Udalaren ustez, horren abestien letra matxistek "emakumeak iraintzen dituzte", eta Udalak "ezin du hori onartu".

"Erabaki zaila" eta "gogoeta handi baten ondorioz hartutako erabakia" izan dela esan du Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Horren harira, Udala "dudarik gabe" adierazpen askatasunaren alde dagoela esan du Urtasunek. "Bilbon guztion iritziak eta gustuak errespetatzen saiatzen gara, nola ez ba!", gaineratu du.

Kontzertua bertan behera utzi arren, "Udalak ez dio betorik jarri" C. Tanganari, "nahi duen tokian" abestu baitezake, baina Bilboko jaietan kontratatzea "ez dela egokia uste dugu".

Zinegotziaren arabera, ez dakite oraingoz C. Tanganaren agenteak demanda jarriko ote dion Udalari kontzertua bertan behera uzteagatik.

C. Tanganak Bilboko jaietan jo behar zuela eta, Udalari kontzertua bertan behera uzteko eskatuz sinadura bilketa abiatu zuten change.org plataforman. 24 orduko epean, 10.000 sinadura bildu zituen eskaerak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ere emanaldia ez egiten alde agertu ziren.

Dena dela, adierazpen askatasuna argudiatuta, betorik ez ezartzeko deia egin dute azken orduetan euskal kulturaren hainbat ahotsek, Fermin Muguruza musikariak edota Igor Elortza bertsolariak, besteak beste.

Pedro Capok ordezkatuko du

C. Tanganaren kontzertua abuztuaren 24rako zegoen aurreikusita, Europa Parkeko agertokian. Azkenean, baina, Pedro Capo igoko da egun horretan oholtza gainera.

Pedro Capo Puerto Ricoko musikari, abeslari eta konpositorea Bobby Capo ezagunaren, "Piel Canela" abesti ospetsuaren sortzailearen, iloba da.

Capok Marka Registrada taldean abiatu zuen bere ibilbide artistikoa. Ordutik hainbat pelikula eta musikaletan hartu du parte. 2018an bakarkako ibilbideari ekin zion, eta "Calma" abestia kaleratu zuen. Kanta ezaguna egin da aurten Alicia Keysekin eta Farrukorekin batera egindako moldaketa bati esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Espainia argazkiak Musika albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Aste Nagusiko kontzertuak Bilboko Aste Nagusiko egitaraua Matxismoa Puerto Rico gaur