Gizartea -
Istripua
Gasteizen gurpilak galdu dituen autobus-istripuaren nondik norakoak ikertzen ari dira
Autobusak atzeko bi gurpilak galdu ditu eta kalteak eragin ditu ibilgailu batean zein hutsik dagoen etxabe batean.
Agentziak | Erredakzioa
Bi gurpil galdu dituen autobus-istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da Gasteizen hiri garraioa kudeatzen duen enpresa. Autobusa San Kristobal auzoko Izardui Komandantearen kaletik zioan, atzo arratsaldean, ibilgailuaren atzeko bi gurpilak bat-batean galdu zituenean.
Istripuak ez du kalte pertsonalik eragin, ezta autobusean ere; bai, ordea, gertu aparkatutako ibilgailu batean zein hutsik dagoen etxabe batean, Tuvisa udal-enpresak agiri batean jakinarazi duenez. Matxura jasandako autobusak 12 urte inguru ditu.
Antza, lehen ikerketen arabera, gurpilaren ardatzaren matxurak eragin du istripua; hala ere, ikerketaren nondik norakoak abian dira.
Horrenbestez, datozen egunotan autobusen "miaketa sakona" egingo dutela adierazi du Tuvisak.
Bestalde, gurpilaren ardatzak matxura izatea "erabat ezohikoa dela" esan du enpresa kudeatzaileak. 30.000 kilometroro autobusei "badaezpadako azterketa sakona" egiten dietela gaineratu dute.
Autobusaren istripua. Argazkia: Radio Vitoria
Etxabean eragindako kalteak. Argazkia: Radio Vitoria