Gizartea -
Europako Parlamentua
Ordutegi aldaketarekin amaitzeko erabakia 2021era arte atzeratu dute
Hala eskatu du Europako Parlamentuak. Gobernuek 2020ko apirilerako erabaki beharko dute neguko edo udako ordutegia nahi duten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentuak ordutegi aldaketa kentzeko erabakia 2021era arte atzeratzea eskatu du. 410 diputatuk proposamen hori babestu dute gaur egindako saioan; 192k kontrako botoa eman dute; eta 51 abstentzio izan dira.
Europako Batzordeak ordutegi aldaketa 2019an desagerraraztea proposatu zuen, baina gobernuek denbora gehiago hartu nahi dute erabaki horrek merkatuan eragin negatiborik izango ez duela egiaztatzeko. Ildo horretan, Europako Batzordeari 12 hilabeteko epea galdegin diote azterketa hori egin ahal izateko.
Horrenbestez, eta aipatu epeak betetzen badira, azken ordutegi aldaketak 2021eko martxoan edo urrian izango dira, herrialde bakoitzak aukeratzen duen ordutegiaren arabera. Gobernuek 2020ko apirilerako jakinarazi beharko diote Bruselari zein ordutegi izan nahi duten: udakoa edo negukoa.
Gobernu bakoitzak zer nahi duen argitu ostean, negoziazio prozesua abiaraziko da. Alabaina, hori datorren maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean osatuko den Europako Parlamentu berriaren lana izango da.