Gizartea -
Zirgari sariak
Athleticeko emakumeak, Pilar Perez Fuentes eta Tartekari sarea, berdintasun saridunak
Patricia Espinar pelotariak eta IZAR Cutting Tools enpresak ere jasoko dituzte Zirgari sariak.
Agentziak | Erredakzioa
Pilar Perez-Fuentes historialaria, Tartekari sarea (emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontrako emakumeak), Athleticeko emakumeen taldea, Patricia Espinar pilotaria eta IZAR Cutting Tools enpresa dira aurtengo Zirgari saridunak, Bizkaian emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde ari diren pertsona, entitate eta enpresei ematen dizkieten sariak, hain zuzen.
Aurtengo Zirgari saridunen berri gaur eman dute Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak eta BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendari Nora Sarasolak. Sariak banatzeko ekitaldia martxoaren 6an egingo da Bilboko BBK aretoan, Emakumearen Nazioarteko Eguna (martxoaren 8a) ospatzen den astean.
Epaimahaiek Pilar Perez-Fuentes historialariari "Ohorezko saria" eman diote emakumeen eskubideen babesean eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen egin duen lanagatik. Perez-Fuentesen konpromiso feminista eta 40 urte urtean feminismoaren teoria kritikoa historian aplikatzen egin duen aitzindari-lana saritu ditu, bai eta 70ko hamarkadaz gero emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde egin duen aktibista-lana ere.
Emakume boluntarioen Tartekari sareak "Emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontra" ataleko saria jaso du. Epaimahaiak duela zazpi urte emakume boluntario horiek Bizkaiko lurralde osoan indarkeria matxistaren kontra egiten duten lana saritu nahi izan du. Epaimahaiak arlo askotako 38 elkartetako 70 emakume baino gehiagok emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan, horren inguruko sentsibilizazioan eta indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzen egiten duten lana goraipatu du.
"Ahalduntzea eta balio aldaketa" ataleko saria ex aequo eman zaie Athletic Cluben emakume taldeari eta Patricia Espinar pilotariari.
Sariarekin epaimahaiak Patricia Espinar galdakaoarraren kirol-gaitasuna aintzatetsi nahi du (esku-pilota, paleta, futbola, mendia, piraguismoa…), eta horrekin batera baita beraren kirol-merezimenduak eta oztopoak oztopo (ikusezintasuna, hainbat gauzari uko egin beharra eta denetariko eragozpenak) kirol maskulinizatuetan aurrera jarraitzea ere.
Athleticen emakume taldeak jasotako sariaren oinarria hauxe izan da: erreferente bihurtu dira goi mailako zein oinarrizko emakume kirolarientzat. Gainera, San Mames bete dute, eta erreferente mundiala dira gizonen taldeak erabateko nagusitasuna duten jarraitzaile ugariko kirol batean. Ia 50.000 pertsona, denetarikoak, biltzea lortu dute, eta haiei esker Bizkaiko mutikoek eta neskatoek badute nor hartu eredutzat.
Azkenik, "Erantzukidetza eta bateratzea" kategorian (gizarte-antolaketa arduratsua) IZAR Cutting Toolsi eman zaio saria erantzukidetzazko gizarte-antolaketan, denboraren erabilera berrietan eta bateratze erantzukidean egindako lanagatik. Epaimahaiak enpresa honen berdintasunerako konpromisoa saritu nahi izan du, kontuan harturik emakume gutxi dauden sektore batean ari dela.
Ohorezkoa ez beste sari guztiak 6.000 eurokoak dira.