Gizartea -

Marea biziak

Bilbok 4.000 zaku ditu Zorrotzaurreko eta Deustuko balizko uholdeei aurre egiteko

Horrez gain, Frank Gehry zubia urpetzen bada, beste bide bat prest du Udalak, Zorrotzaurreko bizilagunak isolatuta gera ez daitezen.

Urpetu ohi diren lekuetan ez aparkatzeko eskatu dute. Iker Salgadok urtarrilean egindako argazkia.
Bilboko itsasdarrak urtarrilaren 24an egin zuen gainezka.
Bilboko Udalak neurriak iragarri ditu marea biziei aurre egiteko

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marea biziek eraginda, datozen egunotan Bilboko itsasadarrak ohi duen tokietan —Zorrotzaurre, Deustuko Erribera eta Elorrieta— gainezka egiteko duen arriskua handia dela eta, neurri sorta prestatu du Bilboko Udalak. Hala, prest ditu 4.000 zaku lur, uraren igoera gelditzeko. Horrez gain, hiru egun horietan bereziki zainduko dute gunea, eta uholdeek trafikoari eragiten badiote, beste bide alternatibo batzuk atondu ditu Udalak.

Udaleko arduradunek prentsaurrekoa eskaini dute gaur badaezpadako neurri horiek aletzeko. Iragarpenaren arabera, marea biziak egongo dira bihar, etzi eta ostiral goizaldean. Aurreikusita dago marea bizien ur-laminak ibaiaren gehieneko altuera (4,85 metro) gainditzea. Hori horrela, marea biziak eta itsasgorak bat egiten dutenean, itsasadarreko urak apur bat gainezka egin dezakete Elorrietan, Zorrotzaurren eta Deustun, ibai ertzeko pasealekuetan.

Zehatz esanda, asteazken goizaldean itsasgora 04:59an izango da eta 4,94 metroko altuerara iritsiko da; ostegunean, 05:42an, 5,03 metroko altuerarekin, eta ostiralean, otsailak 22, 06:24an, 4,97 metroko itsasgora izango da.

Hortaz, Andoni Oleagordia Babes Zibileko eta Suhiltzaileen zuzendariak azaldu duenez, itsasgorak ostegun goizaldean "joko du goia" (5,03 metroko altuera).

Ez aparkatu ibaiertzean

Iragarpenon aurrean, bada, "arreta" eskatu du Udalak, eta ibaiertzetan gauez autorik ez aparkatzeko.

Era berean, urak gainezka egiten badu, Udalak prest ditu 4.000 zaku, lurrez beteak, Zorrotzaurreko ibarrean, Olabeagan eta Elorrietako bihurgunean jartzeko.

Halaber, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak prebentzio-lanak egin ditu uriko hustubideetan eta estoldetan, urak arintzeko.

Ordezko bidea Zorrotzaurren

Gaur egun irlara sartzeko bide bakarra dagoenez (Frank Gheryren zubia), hura urpean geratuko balitz, ordezko bide bat atondu du Udalak, bizilagunak isolatuta gera ez daitezen.

Obretako bide bat da prestatu dutena. Bide hori obrako kamioiek baino ez dute erabiltzen. Aurrerantzean, ordea, bide hori auzokoek ere erabili ahal izango dute ibaiak gainezka egiten duenean.

Obretako bide hau Deustuibarreko errepidea baino kota altuagoan dago, eta bigarren sarbidea izango da Udaltzaingoak hartarako beharra dagoela uste duenean.

Udaleko arduradunek azaldu dutenez, hainbat faktorek eragina dute itsasgoran, hala nola, presio barometrikoak, publiometriak eta haizearen indarrak eta norabideak. Oleagordiaren hitzetan, presio atmosferiko altua aurreikusi dute, eta hala, baliteke igoera espero dena baino txikiagoa izatea.

Asier Abaunza Lan eta Hiri Planifikazioko zinegotziak esan du uholdeak txikiagoak izango direla Udalak gune horretan egin asmo dituen lanak bukatzen dituenean. Besteak beste, Zorrotzaurren eta Elorrietan egingo dituzten bi ur-tangak eta inguru horretan eraikiko dituzte petrilak aipatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Itsasadarra Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak Zorrotzaurre Deustuko auzoa