Gizartea -
Transexualitatea
‘Hormonak hartzen ditudanetik birritan soilik egin dut negar’
Askok txikitatik dute oso argi, baina Osakidetzak hormonatzen hasteko ezarritako gutxieneko adina 16 urtekoa da. Kasuan kasuko tratamendua aldarrikatzen dute transexualitate egoeran daudenen familiek.
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Ez zuen hormonak hartzeko aukerarik izan. Gaur urtebete hil zen Ekai, genero identitatea onartzeko bidean, pilatutako zamari aurre egin ezin izan zion gaztea. Pisu horren ondorio izan zen 2018ko otsailaren 16an Ondarroatik iritsitako zorigaiztoko albistea. Amak logelan aurkitu zuen hilik 16 urteko semea.
Ekairen heriotzaren ondotik, eta azken urte honetan zehar, borrokak ez du etenik izan. Alabaina, aurrera begira, lan asko dute egiteko.
Eusko Jaurlaritzak “Transexualitate-egoeran daudenei arreta integrala emateko gida” argitaratu zuen aspaldi, osasun, gizarte eta hezkuntza esparruetatik gomendatutako jarraibideak barnean hartzen dituen gida, hain zuzen. Eredu horiek, ordea, “gutxiegi” dira laguntza egokitua eta hurbilekoa behar duten familientzat.
Dena dela, arlo horretan izandako aurrerapausoak garrantzitsuak dira egoera hori gertutik bizi duten pertsonen esanetan. Alabaina, Osasun Sailaren jokabideari dagokionez, oraindik ere eragozpen handiak ikusten dituzte, bereziki sendagile jakin batzuen jarreretan.
Naizen: despatologizazioa eta kasuan kasuko tratamendua
Naizenek, Hego Euskal Herriko adin txikiko transexualen senitartekoen elkarteak, Chrysallisek orain arte egindako lanaren lekukoa hartu berri du. Transbide genero unitate nafarra du eredu, Transit erakunde kataluniarraren ildoari jarraiki.
Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegora zabaldu nahi dituzte esperientzia horiek, eta horretarako 2012ko legea, bere momentuan aitzindari izan zena, berritu behar dute. Lege horrek dio objektuak izango direla, txosten psikiatrikoen bidez, transexualitate-egoera erakusten duten pertsonak. Horrenbestez, patologia du oinarrian, eta hori da, hain zuzen ere, aldatu nahi dutena; kosta ahala kosta, prozesua despatologizatu nahi dute.
Halaber, itxaronaldiak laburtzea eskatzen dute, denbora tarte horretan egoera larriagotu dezaketen aldaketa fisikoak izan daitezkeelako, eta horrek antsietatea edota depresioa eragin dezakeelako.
Elkartearen iritziz, psikiatraren hitzordua saihestuz gero, tratamendua arindu egingo litzateke. Ildo horretan, urrats garrantzitsuak eman dituzte, “baina ez eman beharreko guztiak”. Gaur egun hitzordu bakarra dute psikiatrarekin. Hala eta guztiz ere, “kasu batzuetan ez dute Osasun Sailaren eta elkartearen arteko akordioa errespetatu”. Gainera, familia askoren artean ezjakintasuna da nagusi, eta horretaz baliatzen dira sendagileak prozesua are gehiago luzatzeko.
Arreta egokitua da Naizenen beste eskarietako bat: “Pertsona gutxiri begiratzen diote, ez dute kasu bakoitza banaka aztertzen, eta paziente guztiak ez dira berdinak. Malgutasun gehiagorekin jokatu behar dute. Protokoloak ez luke hain zorrotza izan behar, alegia, kasu bakoitza bere aldetik aztertu beharko lukete. Nahikoa da txipa aldatzea”.
Edozein modutan, pozik daude orain arte emandako pausoekin, aurretik bide luzea duten arren. Zentzu horretan, elkarteak dio arazoa ez dutela Osasun Sailarekin, “profesional jakin batzuekin baizik”.
“Nerabezaro goiztiarretan umeek ez dute psikiatra bisitatu behar tratamendua jasotzeko, baina transexualitate egoeran dauden haurrek bai. Zergatik?” galdetzen dute behin eta berriro elkarteko kideek.
"Mutilek hilerokoa ez badute, nik zergatik bai?"
Ander Iriartek oso txikitatik zekien “zerbait gertatzen zitzaiola”, baina 15 urte bete zituen arte ez zuen amarekin hitz egiteko premiarik izan. Azaroan joan zen aurrenekoz Gurutzetako Ospitaleko Genero Unitatera, prozesua abiatzeko asmoz. Hurrengo hitzordua martxorako eman zioten. “Oso geldo doa guztia”, dio gazte aguraindarrak.
“Lehenengo hitzorduko bi psikiatrak eta psikologoa oso zorrotzak izan ziren nirekin. Zera esan zidaten: Badakizu inoiz ez zarela mutila izango, ez? Mutil trans bat izango zara”, gogoratzen du Anderrek. “Batzuei txikitan panpinekin ala kamioiekin jolasten zuten galdetu izan diete”.
Ander Iriarte
Galdeketa bat betetzeko ere eskatu zioten Anderri. Besteak beste, nagusitan militar izan nahiko ote zuen galdetu zioten. “Zentzugabeko galderak ziren”, kritikatzen du orain.
Sei hilabete geroago, psikologoarekin eta endokrinoarekin berriz bilduko zela esan zioten, baina itxaronaldi luze horren aurrean, Transitekin harremanetan jartzeko erabakia hartu zuen Anderren amak, eta hantxe ekin zion hormonak hartzeko prozesuari. Aguraingo medikuarekin hitz egin zuten Transitekoek, eta tratamendua bidaltzen zioten Kataluniatik. Osakidetzak, aitzitik, ez zuen begi onez ikusi erabakia: “Hasiera batean haserretu egin ziren, baina denborak aurrera egin ahala, jarraipena Gurutzetako Ospitaletik egitea lortu dut.
Menopausia ez zen trantze erraza izan 17 urteko gaztearentzat. Hiru hilabetez, beroaldiak izan zituen. Horixe izan zen, hortaz, hormonak hartzen hastearekin batera gainditu beharreko erronka nagusienetakoa: “Inoiz gehiago ez dut hilerokoa izan”.
Fisikoki ere aldaketak izan ditu: ahotsa aldatu zaio, gorputzean ile asko atera zaio, bizarra dauka… “Orain jendeak badaki mutila naizela. Horrek segurtasuna ematen dit, hormonak hartzen ditudanetik birritan soilik egin dut negar”, azpimarratu du.
Asko dira prozesu horri aurre egiteko laguntzarik jasotzen ez duten gazteak. Anderrek, ostera, ez du ingurukoekin inolako arazorik izan.
“Betidanik jakin izan dut zerbait zegoela, baina identifikatzea kostatu zitzaidan”
Amak beti kontatzen dio anekdota berbera. Sei urte besterik ez zituenean, Saloura bidean, Greenwich meridianotik pasatu ziren eta desio bat eskatzeko esan zion amak. “Mutila izatea eskatu nuen, futbolean jolasteko eta aitak bezala traktoreak gidatzeko”, gogoratu du.
Nolanahi dela, horretarako, mutila izan beharrik ez zuela erantzun zioten gurasoek. Inoiz ez didate trabarik jarri arropak aukeratzeko, nahi dudan kirola praktikatzeko edota modu batera edo bestera jokatzeko. Uste dut hori izan zela gertatzen zitzaidana lehenago ez kontatzeko arrazoi nagusia”, dio.
Geroago, institutura joan zenean, sarritan neskak eta mutilak talde ezberdinetan bereizten zituztela ikusi zuen, eta aukeratzeko ordua heldu zitzaion orduan. Urrats berri bat eman zuen, beraz.
Ander pozik dago ispilura begiratzen duenean ikusten duenarekin: “Dena dudala sentitzen dut. Lehen banekien nor nintzen, baina ispiluan islatzen zena ez zen nik sentitzen nuena, ezta nire ingurukoek ikusten zutena ere. Barnean neukan korapiloa askatzea lortu dut”.
“Gertatzen zaizuna identifikatzen duzunean, zoriontsu zara. Zailena zalantzak dira, zer pasatzen zaizun ez jakitea. Hilerokoa izan nuen lehen aldian “zergatik niri?” galdetzen nion neure buruari.
Anderrek bizi osoan hartu beharko ditu hormonak, denborarekin dosia gutxituko dioten arren. Iazko udan bularrak kentzea erabaki zuen, eta ez du baztertzen obarioekin gauza bera egitea. Horrela, hormona femeninorik ez izatea lortuko luke.
Oso gaztea bada ere, bere esperientzia naturaltasun osoz kontatzeko kemena dauka, eta jakin badaki oraindik lan handia dagoela egiteko transexualitatearen esparruan. Horrek ez du esan nahi orain arte emandako aurrerapausoez jabetzen ez denik: “Egun, obuluak izozteko aukera ematen du Osakidetzak". Beharbada, duela urte batzuk pentsaezina zen horretara iritsiko ginenik.
Ekairen heriotzaren urteurrena dela eta, Ondarroako Bide Onera zinema aretoan emango duten Butterfly telesailaren aurrestreinaldia ikusi ahal izango da zuzenean ETBn, 20:00etatik aurrera. Gainera, larunbat gauean 'La Noche de...' saioak telesaila estreinatuko du, 22:00etan.
Aurrestreinaldiko sarrera doakoa izango da. Hain zuzen ere, txarteldegian bertan banatuko dituzte gonbidapenak, emankizuna hasi aurretik. Edu Barinagak (ETBko zuzendaria) eta Elaxar Lersundik (Ekairen aita) aurkezpen labur bat egingo dute, filma hasi baino lehen.
Naizen erakundearekin batera antolatutako ekitaldia izango da aipatutakoa.