Gizartea -

MEMORIA HISTORIKOA

Abokatu kristauek Fiskaltzara eramango dute Ondarroako gurutze frankistaren eraistea

Espainiako Abokatu Kristauen Elkartearen iritziz, monumentua bota izana "gorroto delitua da, batetik, eta sentimendu erlijiosoen kontrako delitua, bestetik".

Ondarroan botatako gurutzea. Botatze bideotik ateratako irudia.
Ondarroan botatako gurutzea.
Ondarroan botatako gurutzea. Botatze bideotik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jakitera eman duenez, Fiskaltzaren aurrean salatuko dute Ondarroan gurutze frankista bat bota izana, "gorroto delitua" izan dela uste dutelako, eta "sentimendu erlijiosoen kontrako delitua" ere bai.

Urtarrilaren 14ean, Ondarroako portutik gertu, Arta muturrean, 1958an eraikitako monumentu frankista bota zuten hainbat ezezagunek. Garai hartako agintariek 'Baleares' gerraontzi frankistan hil ziren ondarrutarren omenez jarri zuten, eta "A los ondarreses que heroicamente dieron su vida por Dios y por España en el crucero Baleares" irakur zitekeen bertan.

Gurutzearen eraistea 49 segundoko bideo batean argitaratu zuten Ernairen twitter kontuan.

Gaur kaleratutako oharrean, abokatu kristauek diote monumentua txikitzea "gorroto delitua" dela, batetik, eta "sentimendu erlijiosoen kontrako delitua eta kalteak eragitea, bestetik". Ondarroako Udalari, gainera, bere lana ez egitea leporatzen diote.

Gauzak honela, Polonia Castellanos elkarte horretako presidenteak "lehenbailehen antzeko monumentu bat jartzeko" eskatu du.

Justiziari esku hartzeko ere eskatu dio Castellanosek, "monumentu erlijiosoak txikitzeko memoria historikoa aitzakiatzat jartzen duten gizarteko sektore laizista horiek ezin baitute inpunitate osoa izan" esan du.

Udalak aurten bota behar zuen

Ondarroako Udalak ez du monumentu hori berriz altxatuko. Duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzak berak eskatu zion Udalari monumentua kentzeko, Memoria Historikoaren Legea urratzen zuelako. Orain, egoera berri honetan, "martxan zeuden prozedurak gelditu" eta herritarrekin erabakiko du Udalak bertan zer egingo den.

"Ondarroako Udalaren proposamena da monumentu hori kendu ondoren leku hartan beste oroigarri bat eraikitzea, itsasoan hil diren herritar guztien omenez. Ondarroa bezalako arrantzale herri batek beharrezkoa duelako halako oroigarri bat, eta euren senitarteko bat itsasoan galdu duten familiek ere merezi dutelako halako leku bat", esan du Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Ondarroa Albisteak Abokatuak Memoria Historikoa Lea-Artibai eskualdea