Gizartea -

Trafikoa

Patinete elektrikoek bidegorritik joan ahal izango dute Donostian

Udalak onartu berri duen araudiaren arabera, patineteek espaloietatik, parkeetatik eta oinezkoen guneetatik ibiltzea debekatuta izango dute.

Emakume bat patinetean, Donostian. Argazkia: EiTB
Emakume bat patinetean, Donostian
Bizikleta eta patinete elektrikoak ezingo dira espaloian ibili, Donostian

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak aldi baterako mugikortasun araudia sortu du, ordenantza berria behin-behinean onartu aurretik. Proposamen berriaren arabera, motorra duten erabilera pertsonaleko ibilgailuek (patinete elektrikoak, hoverboardak, segwayak eta antzekoak) bizikletentzat erreserbatutako bidegorrietatik ibiltzeko aukera izango dute. Espaloietan, Alde Zaharrean, parkeetan eta oinezkoen guneetan ibiltzea, ostera, debekatua izango dute.

Neurriak zehazteaz gain, Udalak sentsibilizazio kanpaina jarriko du abian. Izan ere, Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak adierazi dutenez, beharrezkoa da mugikortasun elementu berriak zuzen erabiltzeko kontzientzia piztea.

Udalbatzak adostutako neurrien baitan, ibilgailuak tamainaren eta mekanikaren arabera sailkatzeko hiru talde sortu ditu. Gainera, Erabilera Pertsonaleko Ibilgailuak (EPI, motor elektrikodunak) eta Erabilera Pertsonalerako Gailuak (EPG, motorrik gabekoak) bereizi ditu. Erabilera Pertsonaleko Ibilgailuek ezin izango dute espaloietatik ibili, ezta Alde Zaharretik, parke publikoetatik eta oinezkoen guneetatik. Alabaina, bizikleten zirkulazioa onartzen den parke publikoetan aritzeko aukera emango zaie, oinezkoen lehentasuna errespetatzen duten bitartean.

Hiru talde

0 Taldeko ibilgailuak 70 zentimetro zabal, 1,2 metro luze eta pertsona bakarrarentzako lekua dutenak izango dira (patineteak eta motorrik gabeko monopatinak).

1 Taldean, 25 kilotik beherako pisua jasaten dutenak egongo dira. Gehienez 25 km/h-ko abiadura hartzen dutenak, 70 zentimetro zabal eta 1,20 metro luze direnak eta pertsona bakarrarentzako lekua dutenak. Hauen baitan, motor elektrikoa dutenetan, gidatzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izango da. Gainera, aurreko zein atzeko argiak izan beharko dituzte eta gelditzeko sistema berezia (patineteak, hoveboardak eta motorra duten beste gailuak).

Azkenik, 2 Taldea segwayek eta eserlekua duten beste gailuek osatzen dute. Tamaina eta jasaten duten pisua aurreko taldekoena baino handiagoa da eta 18 urtetik gorakoa izan behar da horiek gidatzeko. Homologatutako kaskoa beharrezkoa da kasu honetan. Horrez gain, gelditzeko sistema, atzeko zein aurreko argiak eta, beharrezkoa izanez gero, txaleko islatzailea eraman behar dute gidariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostiako Udala Donostiako azken albisteak Herriak eta Hiriak Gizartea Albisteak Euskal Herriko bidegorriak Patinete elektrikoak