Gizartea -

'Cabacas' auzia

Bi urteko kartzela zigorra ezarri diote 'Cabacas' auziko ertzain arduradun nagusiari

Ezarritako zigorrarekin, ertzain arduradun nagusiak ez du espetxea zapalduko, eta ez du bere lanpostua utzi beharko, dagoeneko erretiroa hartuta duelako. Beste bost agenteak absolbitu egin dituzte.

Bi ertzain, epaiketan. Argazkia: EFE
Cabacas auziko epaiketa
Bi urteko kartzela zigorra ezarri diote 'Cabacas' auziko ertzain ohi bati

1:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri dio 'Cabacas' auzian nahastutako Juan Jose de Pablo ertzainari. Gainerako bost agenteak absolbitu egin ditu epaileak.

Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko istiluak gertatu zirenean furgonetatik atera ez zela adierazi zuen ertzain arduradun nagusia zigortzea erabaki du epaileak. Esan bezala, gainerako akusatuak absolbitu egin ditu.

2012ko apirilaren 6an, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek jota hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea. Handik sei urtera, sei agente akusatuen aulkian eseri ziren, zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa egotzita.

Ezarritako zigorrarekin, ertzain arduradun nagusiak ez du espetxea zapalduko, eta ez du bere lanpostua utzi beharko; izan ere, erretiroa hartuta dago.

Zigortua hilketaren arduraduna dela uste du epaimahaiak, arduragabekeria profesional larriagatik, eta bi urteko kartzela ezarri dio. Zigorraldian ez du botoa emateko eskubiderik izango. Gainera, lau urteko inhabilitazioa ezarri diote.

Auzitegi Goreneko Bigarren Salaren aurrean kasazio-errekurtsoa aurkezteko aukera dute aldeek. Horretarako, jakinarazpenetik bost eguneko epea dute.

Epaiketan, Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren abokatuak bakarrik akusatu zuen. Horrela, sei ertzainei, bakoitzari, lau urteko espetxe-zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezartzea eskatu zuen Goirizelaiak.

Bestalde, Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuen, auzipetuei arau-hauste bat leporatzerik ez zegoela eta Cabacasen heriotza eragin zuen gomazko pilota nork jaurti zuen zehazterik ez dagoela iritzita.

Ertzaintzaren jokabidea "desegokia" izan zen

Bizkaiko Lurralde-auzitegiak adierazi duenez, arduradun nagusiak San Mamesetik gertu dagoen kalezuloan “poliziaren karga geldiarazi” izan balu, “heriotza ez litzateke gertatuko”.

Epaiaren arabera, ekintza polizialak “ez zuen justifikaziorik”, eta Maria Diaz de Haroko kalezuloan “objektu gutxi batzuen jaurtiketa gomazko pilotak erabili gabe” eten zitekeela uste du.

Kalezuloan egindako operazioak “ikara” sortu eta pertsonen “osotasun fisikoa arriskuan” jarri zuela azaldu du sententziak.

Horregatik, “araudiaren arabera”, Ertzaintzaren jokabidea “desegokia” izan zen; izan ere, “kalezuloaren ezaugarriak kontuan hartu behar ziren, txikia eta irtenbide bakar batekin; jendetza zegoen bertan, guztiak harrapaturik zeuden eta horrek izua eragin zuen, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jarriz, eta gainera, Iñigo Cabacasen heriotza deitoragarria gertatu zen”.

Cabacas auziko epaia: 'Karga egiteko erabakia ez zegoen justifikatuta'
Cabacas auziko epaia: 'Karga egiteko erabakia ez zegoen justifikatuta'
Cabacas auziko epaia: 'Karga egiteko erabakia ez zegoen justifikatuta'

1:58

"Ikerketa eskasa"

Auzitegiaren ahotan, objektu jaurtiketaren inguruan ertzainek egindako adierazpenak “subjektibotasunez gainezka daude, erantzukizunak saihesteko asmoarekin eta nolabaiteko espiritu korporatiboarekin ; sinesgarritasuna galduz”.

Era berean, furgonetetako ertzainen sinesgarritasuna zalantzan jarri du auzitegiak, lankideak pilotak jaurtitzen ikusi ez zituztela ziurtatzen dutenean. Bideo bat oinarri bezala hartuta, pilotekin egindako tirorik ikusi ez izana “ezinezkoa da”, epaiaren arabera.

Herritarrek telefono deien bidez borrokaren berri eman ondoren, polizia “gehiegi” bertaratu zirela dio auzitegiak (hamar furgoneta baino gehiago kale tarte berdinean). “Tentsioak justifikaziorik gabe gora egin zuen, ertzainen ekintzak berak eraginda”, erantsi du.

“Ertzainen nahasmena eta buruzagien deskoordinazioa handia izan zen”, azpimarratu du sententziak.

Bestalde, Ertzaintzak egindako “ikerketa eskasa” deitoratu du auzitegiak. Horrek instrukzio fasean “zailtasunak” eta auzipetze fasean “gabeziak” sortu zituela uste du. Hilketa gertatu zen tokia ez babestea eta operazioan erabilitako arma guztiak ez jasotzea faltan bota du, ondoren adituek euren lana egin ahal izateko.

“Horrekin pilotarekin tiro egin zuten guztiak epaiketara ekartzea edo tiro hilgarria nork egin zuen zehaztea posible zen”, argudiatu du.

Ebazpenean, zigortuari Cabacas familiarengandik urruntzeko agindua ezartzea baztertu du auzitegiak, nahiz eta akusazio partikularrak eskatu.

Bestalde, Iñaki Irizar defentsako abokatuak berretsi egin du zigortutako ertzaina errugabea dela eta erantsi du auzi honetan "erabili" egin dutela.

Zigortutako ertzainaren abokatua: 'Ergel ''erabilgarria'' izan da'
Zigortutako ertzainaren abokatua: 'Ergel ''erabilgarria'' izan da'
Zigortutako ertzainaren abokatua: 'Ergel ''erabilgarria'' izan da'

0:27

Lehendabiziko erreakzioak

Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren ebazpena ezagutu eta ordu gutxira, Iñigo Cabacasen senide eta lagunek "elkarretaratze jendetsua" deitu dute ostiral honetan Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, erabakia salatzeko eta justizia aldarrikatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, berriz, ez du adierazpenik egingo epaia eskuetan izan eta aztertu arte, Estefania Beltran de Herediak zuzendutako departamentuko iturriek azaldu dutenez.

Oraingoz, EH Bilduk, Sortuk eta Ertzaintzako Esan sindikatuak soilik hitz egin dute.

EH Bilduren iritzian, epaiak "lotsagarri utzi du Segurtasun Saila, informazioa ezkutatu duela agerian geratu delako".

Epai-mahaiak Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko nahikoa ikertu ez zela ebatzi izana "oso larria" dela adierazi du; izan ere, "horrek erakusten du Segurtasun Sailak gezurra esan duela, informazioa ezkutatu eta ikerketa oztopatu duela egia jakin ez dadin".

Julen Arzuaga legebiltzarkidearen esanetan, "Iñigoren heriotzaren arduradunen zigorgabetasuna" bilatu du Estefania Beltran de Herediaren departamentuak.

"Ebazpenak dio Ertzaintzaren jokabidea neurriz kanpokoa eta desegokia izan zela eta ez zirela protokoloak bete; geratutakoaren arduradunak babesten aritu dira eta benetako erantzuleak zigortu gabe geratu dira", kritikatu du.

Sortuk oharra bidali du "injustizia eta inpunitatea" salatuz eta ebazpen horren kontrako mobilizazioetan parte hartzeko dei eginez.

Iñigo Cabacasen senide eta lagunei babesa adierazi die, "auzitegiak ez baitu justiziarik egin".

"Sistema judiziala eta poliziaren eredua, beste erakunde asko bezala, iraganeko logikan jarraitzen dute", deitoratu du ezker abertzaleak.

Bestalde, Ertzaintzako Esan sindikatuak adierazi du ebazpenak argi utzi duela agenteen asmoa ez zela inori minik ematea.

Iñigo Cabacas hil izana asko sentitzen dutela eta haren senideen eta lagunen samina ulertzen dutela adierazi dute. Alabaina, "gertakari horretan nahasitako ertzainen sufrimendua ere deitoratzen dugu, frogarik gabe auzipetu baitzituzten eta beti defendatu dugulako asmo txarrik gabe eta beren eginkizuna betetzeko arduraz aritu zirela", erantsi du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Iñigo Cabacas Bilbo Basauri Ertzaintza Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak