Gizartea -
Epaia
Emakume baten aurkako eraso orori genero larrigarria aplikatuko zaio
Emakume bati, “emakume izanagatik soilik”, eraso egiten zaion kasu guztietan genero larrigarria aplikatu beharra dagoela ebatzi du Gorenak sententzia batean.
Agentziak | Erredakzioa
Emakume bati, “emakume izanagatik soilik”, eraso egiten zaion kasu guztietan genero zirkunstantzia larrigarria aplikatu beharra dagoela erabaki du Auzitegi Gorenak epai batean, nahiz eta erasotzaileak eta biktimak loturarik ez izan.
Madrilgo Auzitegiak gizon bati 11 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zion ohiko tratu txarrak eta hilketa saiakera egotzita. Erasotzaileak emakumearekin harremana izan zuen, biktima beste gizon batekin ezkondurik zenean. Gainera, elkarrekin bizi ziren.
Ahaidetasun eta genero larrigarriak banan-banan aplikatu zitzaizkiolako helegitea aurkeztu zuen zigortuak Gorenaren aurrean. Bi larrigarriak bateragarriak izatea zalantzan jarri zuen.
Ahaidetasun larrigarria aplikatzeko biktimaren eta erasotzailearen arteko harremana izatea beharrezkoa dela gogorarazi du Gorenak, baina genero larrigarria aplikatzeko loturarik behar ez dela ebatzi du orain. Horrela, zigorra ezartzeko orduan biak bateragarriak direla erabaki du Auzitegiak.
Zigor Kodearen 23. artikuluaren ahaidetasun larrigarriak oinarri objektiboa duela adierazi du salak. Hala ere, aplikatzeko garaian erasotzaile eta biktimaren arteko afektibitate harremanak eta elkarbizitza egon behar dela gogorarazi du.
Bestalde, Kodearen 22.4 genero larrigarriak oinarri subjektiboa du, “emakumearen gaineko nagusitasuna azaltzeko eta emakume izanagatik soilik menpekoa dela demostratzeko borondatea agertu behar du erasotzaileak”. Larrigarria 2015eko martxoan egindako erreforman barneratu zuten.
Horrela, ahaidetasun larrigarriak ez du generoaren aplikazioa “baztertzen”, nahiz eta erasotzailea emakumearen bikotekide edo bikotekide ohia ez izan, “emakume izanagatik soilik biktimarenganako dominazioa” frogatzerik dagoenean.
Julia Sanchez-Melgar magistratua izan da txostengilea. Epaiak azpimarratu duenez, genero larrigarria “emakumea izanagatik soilik nagusitasun sentimendua agerian uzteko, erasotzaileak biktimaren aurka egin duela frogatzen den kasuetan aplikatu behar da; harremanean menpekotasun rol batean jartzen duelako”. Sententziaren arabera, “Konstituzioaren berdintasun printzipioaren aurkakoa da”.