Gizartea -

Azaroak 25

Zer istorio dago azaroaren 25aren atzean?

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean egiten da, Dominikar Errepublikako Mirabal ahizpek Trujilloren diktaduraren aurkako egin zuten borrokaren omenez.

Martxoak 8
Martxoak 8
Martxoak 8

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna azaroaren 25an ospatzen da, mundu mailan emakumeen kontra egiten den indarkeria salatu eta desagertzea eskatzeko.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 80 herrialde baino gehiagotan jasotako datuen arabera, emakumeen % 35ek bikotekideen indarkeria fisikoa edota sexuala pairatu dute edo hirugarren baten indarkeria sexuala jasan dute bizitzan behin gutxienez.

1960ko azaroaren 25ean Dominikar Errepublikako Inteligentzia Zerbitzu Militarrak Rafael Leonidas Trujillok aginduta eraildako hiru ahizparen omenez egiten da indarkeria matxistaren aurkako eguna.

Mirabal familia

Mirabal ahizpak eta ‘las mariposas’ (tximeletak) goitizenez ezagunak ziren Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal izeneko dominikar ahizpek lan aktiboa egin zuten Trujilloren diktaduraren kontra (1930-1961), eta, ondorioz, garaiko erreferente bihurtu ziren lehenengo, eta emakumeen borrokaren sinbolo gero, mundu mailan.

1960ko azaroaren 25ean Inteligentzia Zerbitzu Militarrak ahizpak hil ondoren, “tximeletak” heroi nazional bihurtu ziren, Mirabal Ahizpak Etxe Museoaren esanetan (Patria, Minerva eta María Teresa Mirabal Reyes ahizpak gogoratzea du helburu).

Lau ahizpa ziren: Aída Patria Mercedes (1924-1960), Bélgica Adela “Dedé” (1925-2014), María Argentina Minerva (1926-1960) eta Antonia María Teresa (1935-1960). Bigarrenak ez zuen parte-hartze handirik izan politikan, eta, hori dela eta, Trujilloren erregimenak ez zuen jazarri.

Ekainak 14 Mugimendu Iraultzailea

Hiru ahizpek Trujilloren erregimenaren aurkako oposizio luzea egin eta gero, Ekainak 14 Mugimendu Iraultzailea sortzea proposatu zuen Minerva Mirabalek 1959ko urtarrilean diktadurari aurre egiteko. Gerrilla mugimenduaren lehen bilera formala egin eta egun gutxitara, militarrak Patria Mirabalen etxean sartu ziren indarrez, bilerak bertan egiten zituelako; eta egun batzuk geroago, kideak atxilotu zituen.

1960ko maiatzaren 18an, Minerva eta Maria Teresa atxilotu zituzten Santo Domingon, Dominikar Estatuaren segurtasunaren kontra aritzea egotzita. Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) nazioartean egindako presioaren ondorioz, ahizpak kartzelatik ateratzeko agindua eman zuen Trujillok abuztuaren 9an; horien senarrak (Mario Tavárez eta Leandro Guzmán) eta Patriarena (Pedro González), aldiz, kartzelan utzi zituen.

Dominikar Erresistentziaren Memoriaren Museoaren arabera, Manolo Tavárez eta Leandro Guzmán Puerto Platako espetxera eraman zituzten, Inteligentzia Zerbitzu Militarrak hilketa presta zezan, senarrak ikustera joateko egin zuten bidaia batetik bueltan bahitu eta hil zituztelako ahizpak.

Salcedora itzultzeko bidean, Mirabal ahizpak eta horiek zeramatzan autoaren gidaria, Rufino de la Cruz, bahitu egin zituzten. La Cumbre jauregira eraman eta gero, Dominikar Errepublikako polizia sekretuak jipoitu eta urkatu egin zituen Alicinio Peña Rivera kapitainaren etxean.

Ondoren, hilotzak autoaren barruan sartu, eta amildegi batetik behera bota zituzten, auto istripu baten itxurak egiteko.

Minerva Mirabalen esaldi batek argi erakusten du hiru ahizpa horien ausardia, honela esana baitzuen: “Hiltzen banau, besoak hilobitik aterako ditut eta indartsuagoa izango naiz”.

Feministen ikono

“Minerva Mirabal Trujilloren diktaduraren kontrako borrokaren arima eta ikurra izan zen, Manuel Aurelio Tavárez Justo senarrarekin batera, mentore gisa”, azaldu zuen Roberto Cassá dominikar historialariak Heroi Nazionalak liburuaren bigarren edizioan.

Horren esanetan, Ekainak 14ko hainbat kideren moduan, Minerva Mirabalek leku propioa egin zuen gizonen artean, eta, ondorioz, “emakumeari gizarte mailan bigarren mailako funtzioak uzten dizkioten estereotipo sexistak hautsi zituen”.

Dominikar Erresistentziaren Memoriaren Museoaren arabera, Trujilloren diktadura garaian 50.000 biktima egon ziren, baina hiru emakumeren hilketak aurrekari ezagun bakarra zuen: Altagracia Almánzarrena. José Virgilio Martinez Reyna senarrarekin batera hil zuten, 1930ean.

Gaur egun ere, mirespen handia diete Dominikar Errepublikan Mirabal ahizpei. Horren erakusgarri, 2007ko azaroaren 20an, ahizpen hilketaren urteurrenean, lege bat egin zuten Salcedo probintziari (horien familiaren herria bertan dago) Hermanas Mirabal izena jartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Gizartea Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Albisteak Gaur Albisteak Historia Mundu matxista Feminismoa Dominikar Errepublika gaur